Road Show, bideko segurtasunaren inguruan kontzientziatzeko simulazioa
Festa-gau bat, gazte bat eta haren bizitza eta ingurukoena aldatuko dituen trafiko istripua dira azaroaren 26an Ermua Antzokira iritsiko den Road Showaren osagaiak. Ermuko DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 400 ikasle inguruk izango dute ikuskizunean parte hartzeko aukera.
Road Show emanaldian trafiko istripu bat antzezten da, eta elementu multimediak biltzen ditu, hainbat testigantza – polizienak, 112 zenbakiko medikuenak, suhiltzaileenak, larrialdietako OLTenak, biktimen senitartekoenak eta istripu baten ondorioz bizkarrezur muineko lesioa duen pertsona batena –, soinu hunkigarriak eta irudi zirraragarriak uztartzen baitira.
Alkoholaren edota drogen eraginpean edo abiadura handiegian gidatzeak dituen arriskuez gazteak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea da ikuskizunaren helburu nagusia. Izan ere, Euskadin, trafiko istripuak dira 30 urtetik beherako biztanlerian heriotza eta ezgaitasun gehien eragiten dutenak.
Sentsibilizazio kanpaina horrek arrakasta handia izan du Europako hainbat herrialdetan, hala nola, Ipar Irlandan, Herbehereetan eta Danimarkan. Geurean, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren Bide Hezkuntza sailak garatu du, eta Euskadiko 2015-2017 Bide Segurtasunerako Plan Estrategikoaren barne dago.
Ekimena azaroaren 26an goizeko 09:30ean hasiko da Ermua Antzokian. Bertan parte hartuko dute OLZ Mallabiko, San Pelaio Ikastetxeko, Ermua Institutuko eta Uni Eibar-Ermua-ko ikasle eta irakasleek.
Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren “Seguru baietz – Sí seguro” kanpainaren barne kokatzen da Road Show ekimena. Helburua mugikortasun seguruaren alorrean gazteak sentsibilizatzea da.
Lotutako albisteak

Polizia Nazionalari eskaera egin dio, administrazio hurbil eta digitalki eskuragarriaren bidean aurrera egiteko

Bide arrisku eta ezbeharrei buruzko sentsibilizazio programak datorren astelehenean Ermura etorriko

Euriteek mozketak eragin dituzte kableetan, eta horrek kalteak sortu ditu seinaleetan