Bizkaiko txapelduna da Aitor Hernandez, asteburuan garaipena eta bigarren postua eskuratuta

30.11.15
Kirolak

Aitor Hernandez (Specialized – Ermua Impulso) txirrindulariak Euskadiko Federazioaren egutegiko bi probetan lehiatu da asteburuan. Bigarren postu bat eta garaipen bat eskuratuta, bere kategorian Bizkaiko txapeldun da ermuarra.

Azken asteetan “eztarriko infekzioa” izan duela aitortu zuen Hernandezek lasterketak korritu aurretik, baina pixkanaka “hobetzen” ari zela zioen. Hobekuntza agerian gelditu zen larunbatean Berrizen, Javier Ruiz de Larrinagaren atzetik, bigarren postua lortu baitzuen ermuarrak. Bi txirrindulariek lehia estua izan zuten lasterketa osoan zehar.

Hasieratik lehenengo postuetan kokatu ziren Larrinaga eta Hernandez, eta lehen postua lortzeko lehia etengabea izan zen. Espainiako txapeldunak eraso egin zuen arren, Larrinagaren kontraerasoaren ostean ezin izan zuen ezer egin, eta bigarren postuan amaitu zuen lasterketa. Dena dela, ermuarrak Bizkaiko txapela lortu du bere mailan.

Igandean, Lezaman izan zen norgehiagoka. Proba Euskadiko Federazioaren Challengerako puntuagarria zen, eta bi astez garaipenik eskuratu gabe egon ostean, Hernandez lehen postuan iritsi zen helmugara. Lokatzez betetako zirkuituan jaun eta jabe izan zen ermuarra, eta halaxe adierazi zuen lasterketaren amaieran: “Zirkuitua gogorra izan da, niri gustatzen zaidan moduan. Berriro aurrean egoteko gogotsu nengoen, eta nahi bezalako lasterketa egin ahal izan dut. Egunetik egunera erosoago sentitzen naiz bizikleta gainean, beraz, pozik nago”.

Datorren igandean Igorren lehiatuko da Hernandez. Proba garrantzitsua da Specialized – Ermua Impulsoko txirrindulariarentzat: “Lezamako garaipena oso garrantzitsua izan da niretzat, Igorreko probara moral altuarekin joango bainaiz. Lasterketa hori oso garrantzitsua da, bai Espainiako Kopakoa delako, baina Igorren delako ere”.

Lotutako albisteak

Imagen
03.02.26
‘Minbiziaren Kontrako Mundu Egunean' arreta gizatiarragoa eta integralagoa aldarrikatuko

Herriko bolondresak informazio mahaia, Ermua KEko taldeetan besokoa eta argiztapen berde berezia Antzokian eta udaletxean
Imagen
05.12.25
Aurten sarituak izango diren kirolari eta kluben zerrenda ezagutu nahi?

Herriko elkarteen artean bozketa bidez hautatutakoak Kirolaren I. Galan omenduak izango dira
Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian