Berrikuntzan oinarritutako tokiko lau esperientzia arrakastatsu
Ermuko Toki Garapeneko X. Astearen baitan, tokiko lau esperientzia ezberdin ezagutzeko aukera izan dugu gaur goizean. Erabat desberdinak izan arren, lauretan arrakasta eta berrikuntza dira gakoak. Viladecanseko, Bilboko, Sant Feliu de Llobregateko eta Ermuko udaletako ordezkariek berrikuntza arloan egindako lanaren inguruko ikuspuntua erakutsi diete ikus-entzuleei.
Juan Carlos Abascal lehen alkateordearen aurkezpenaren ostean, Adela Arteko Viladecanseko Udaleko Enpresa, Berrikuntza eta Okupazio Arloko Zerbitzuen Zuzendaria izan da hitz egiten lehena. Zuntz optikoaren erabilera hezkuntzan izan du hizpide.
Hizlariaren arabera, hezkuntza “hirien tokiko garapenerako oinarrizko elementua” da, eta “aukeren berdintasuna eskaintzeko estrategia” izan daitekeela adierazi du. Hori dela eta, Viladecanseko Udalak martxan du Hezkuntza Arrakasta Hobetzeko Tokiko Plana. Horren baitan, Udalak arbel digitalak erosi zituen ikastetxe guztietarako, eta 2013tik, zentro guztietan zuntz optikoa dute. Ondorio gisa, Arterok azaldu du agente guztiek “norabide berean” jo behar dutela, “hezkuntza sistema hobea eta berritzailea” lortu ahal izateko.
Open Data Bilbon
Josu Santacruz Bilboko Udaleko ‘smart cities’ ekimenen arduraduna izan da azalpenak ematen bigarrena. Open Data datu irekien zerbitzuaren nondik norakoak azaldu ditu Santacruzek, eta haren hitzetan, berrikuntza “irtenbide originalak bilatzea eta aldaketak aukerak sortzeko baliatzea” da.
“Open Data baliagarria da lehiakortasuna hobetzeko eta aurrera egiteko. Gainera, hiri estrategikoa, irekia, jasangarria eta bizilagunentzat prestatua garatzea errazten du”, zehaztu du.
Etorkizunerako erronka, Santacruzen hitzetan, “gardentasunetik haratago” joatea da, eta Open Datak “lankidetzarako, eraldatzeko eta hobetzeko” balio ote duen ikustea.
Urban Lab-ak Sant Feliu de Llobregaten
Sant Feliu 2.0 bulegoko Zuzendaria, Mario Alguacil, Sant Feliu de Llobregat hiri katalaneko Urban Lab proiektuari buruz mintzatu da. Alguacilek azaldu duenez, hiriek “estrategia on bat” behar dute berrikuntzak egin ahal izateko: “Hiritarrek aurrea hartu diote administrazioari, eta orain aldaketen ordua da”.
San Feliuko ‘hiri laborategia’ren barne dago, esaterako, QR kodeen erabilera kalean, enpresen ideia berriak probatzeko produktuen testak, erronkak (campusak, digizensak, joblabak), udal sareari lotutako sentsorizazioa eta beste udalerriekin lankidetza.
Ermua Mugi, berrikuntza soziala
Azkenik, Merche Gonzalez de Celis, Ermuko Udaleko Soziokultura Arloko zuzendariak Ermua Mugi estrategiaren nondik norakoak eta aipatutako alorreko plan ezberdinak azaldu ditu. Ekintza guztien helburua etxebizitza ospitaleen eta eguneko zentroen alternatiba gisa ikustea da, eta hiritarren bizi kalitatea hobetzen saiatzea. Testuinguru horretan, paseo osasungarriak eta Aktibitate Fisikorako eta Kirolerako Orientazio Zerbitzua azpimarratu ditu.
Gogoratu nahi dizuegu Ermuko X. Toki Garapeneko Astea bihar amaituko dela, eta pertsonak berrikuntzarako aktore gisa izango dela gai nagusia.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena