Ermua ere, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat
Gaur ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, eta aurtengoan, euskaldun berriei zuzendutako aitorpena berea egin du Ermuko Udalak. Azaroaren 25ean eginiko Osoko Bilkuran onartutako adierazpen instituzionalaren ideia nagusia euskaldun berriei aitormena egitea da, euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahaleginagatik. Adierazpena PSE, EAJ, Ermua Ahal Da, PP eta Irabazi alderdien aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen.
Errekonozimendu hori bistaratzeko, Ermuko Udalak, EAEko beste udal askok bezala, herriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto, gune edo antzeko besteren bati “Euskaldun berria” izena jartzea adostu du. Espazio bizia behar du izan, mugimendu eta harremanetarako tokia, jendearen arteko interakziorako gunea, alegia. Izendapena aurrerago zehaztuko da.
Hazkunde prozesua izan da EAEn euskara biziberritzearena, eta bi izan dira prozesu eredugarri horren zutabe nagusiak: hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta milaka, baita ere, euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aukera egin dutenak.
2015eko Euskararen Egunean, euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormen publikoa egin nahi zaie, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen baitute, eta haien guztien gogoa, kemena eta ahalegina omendu nahi dira.
Horregatik guztiagatik, heldutan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztiei jendaurreko aitortza erakusteko konpromisoa hartzen du Ermuko Udalak, eta udalerriko kale, plaza, lorategi, iturri, areto edo guneren bati laster Euskaldun Berria izena jartzea adostu du.
Gainera, gaurko egunez hainbat ekintza ospatuko dira herrian. Hemen kontsultatu ditzakezu.
Lotutako albisteak

Txindurri Dantza Taldeak eta Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, udalaren laguntzarekin

Udal Euskara zerbitzuak eta Badihardugu Elkartiak aurkeztu berri dute, Estibalitz Gonzalezen eta Fernando Aranberriren lanarekin hornituriko baliabidea

Euskaraldiaren baitan, 9etatik 21etara doan bisitatu daiteke igandera arte