Errefuxiatuak dira Ermuan izango diren jardunaldien protagonistak
"Emigrar y buscar refugio: Un derecho de todas las personas - Pobrezia eta gerratik ihesi datozenekin elkartasuna" izenburupean, Ermuko Nazioarteko Elkartasun eta Lankidetza Kontseiluak jardunaldiak antolatu ditu abendurako.
Ehunka mila lagun noraezean Europako bideetan, errepideetan eta trenbideetan zehar, itotako emakume, gizon eta haurren milaka gorpu, normalean turistek beteriko hondartzetara jaurtiak, iristea lortu ez zuten horien gorpuak... Errefuxiatuen zorigaitza egunerokotasunean oso presente daukagun gaia da, eta pertsona horien errealitatea hobeto ezagutzea da jardunaldi hauen helburua.
Gaur bertan hasiko da ekimena, “Siria: begiradak erbestetik” erakusketaren irekierarekin. Olmo Calvo, Alicia Armesto, Bou Aguiló, Mónica Parra, Manuel González eta Roberto Astorgano fotokazetarien lanak batzen ditu erakusketak. Lobiano Kultur Gunean ikus daiteke abenduaren 30era arte, 18:00etatik 20:00etarako ordutegian.
Ekitaldien programari jarraiki, asteazkenean hitzaldia eskainiko da, “El desbocamiento del capitalismo y la sociedad del miedo: el mercantilismo de la guerra permanente y sus efectos sociales” izenburupean. Cesar Manzanos UPV/EHUko irakasle eta Salhaketa elkarteko kidea izando da hizlaria, eta 19:30ean hasiko da, Lobianon.
Bestalde, ostegunetako ohiko zine klub saioak bat egingo du jardunaldiekin eta Jacques Audiard zuzendariaren “Dheepan” filma eskainiko da. Canneseko Zinema Jaialdian pelikula onenari ematen zaion Urrezko Palma saria jaso du aurten, eta Sri Lankan gerra zibiletik ihesi doan gizonezko baten historia kontatzen du. Emakume bat eta neskatila bat bere familia direla esanez, Frantzian egoitza eskubidea lortzen saiatuko da. Proiekzioa 20:30ean hasiko da Ermua Antzokian. Gainera, filmaren ostean, zine forum saioa egingo da pelikulari buruzko iritzia emateko, Zinhezbak dinamizatuta.
Eguarbitza Misio Taldea, Komite Internazionalistak, Caritas, Plataforma de Amig@s del Pueblo Saharaui – Hagunia, Urko-Punta, Maishule, ASER-Asociación de Senegaleses de Ermua, PAACE, Mudo-Drogot eta SOS Arrazakeria elkarteek antolatu eta parte hartu dute jardunaldietan, eta Ermuko Udalak babesten ditu.
Ekimenaren kartela lerro hauen azpian ikus dezakezue; jardunaldien txosten osoa, aldiz, hemen.
Lotutako albisteak

Saharar segizioak Udal Osoko Bilkuren Aretoa eta Edaal harrera-etxea bisitatu ditu

12 tona elikagai eta hamar mila euro bildu dituzte aurtengo erronkan

Elikagaiak martxoaren 24tik 28ra bitartean jasoko dira, Ermuan arroz luzea. Errazioen tupper solidarioa eta zozketa larunbatean, hilak 29, Ermuan