Gabonak izotz gainean, Ermuko hirigunetik atera gabe

18.12.15
Kirolak

Abenduaren 24tik aurrera, patinatzeko pista zabalduko da lehen aldiz Orbe Kardinala plazan. Pista horrek, izotzaren ordez, patinatzeko egokia den eta energia kontsumoa asko murrizten duen material sintetiko bat erabiltzen du.

Astelehenean hasiko dira instalazioa prestatzen, eta 200 metro karratuko azalera izango du: 20 metroko luzera eta 10 metroko zabalera, hain zuzen. Aldi berean 35 pertsonak patinatu ahal izango dute gehienez, eta pistaren ingurua hesiekin babestuta egongo da.

Grafitoarekin hobetutako eta beira mikroesferak dituen tefloiarekin egina dago gainazala, eta likido irristakor bat gehitzen zaio izotzaren itxura eman eta bertan patinatu ahal izateko. Produktua ekologikoa da, ez da toxikoa eta birziklatu egin daiteke. Gainera, ez du atmosferara CO2rik isurtzen eta mantentzeko ez du hozteko makinarik, energiarik, urik edo gasoliorik behar.

Ordutegia eta prezioak

Instalazioa abenduaren 24an zabalduko da, eta martxan egongo da urtarrilaren 2ra arte. Pistaren ordutegia honakoa izango da:

  • Ohiko ordutegia: 10:30etik 14:30era, eta 17:00etatik 21:00etara
  • Abenduaren 24an eta 31n: 10:30etik 14:30era, eta 17:00etatik 19:00etara
  • Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean: 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara

Sarrera arruntak 3 euroko prezioa izango du ordu erdirako, eta 5 eurokoa ordubeterako. Gainera, 10 erabilerarako bonoak ere badaude: 25 euro ordu erdikoak eta 40 euro ordubetekoak. Prezioaren barne egongo da patinen alokairua. Neurri guztietakoak egongo dira, eta denbora baterako utzi ostean, itzuli egin beharko dira.

Ekimena zortzi urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago; adin horretatik beherakoek heldu batek lagunduta soilik patinatu ahalko dute. Bi begiralek zainduko dute pista uneoro.

Jarraian pistaren inguruko irratiko iragarkia entzun dezakezue:

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
Personas usuarias en la instalación
31.10.25
Kiroldegiak neguko ordutegia izango du asteburu honetatik Aurrera

Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Imagen
14.10.25
Ermua: pertsona aktiboak, hiri osasuntsua

Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da