Zabalik dago jada 'Martxoaren 8ko' kartela hautatzeko lehiaketa
Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunaren Sailak eta Berdintasun udal kontseiluak zabalik du Martxoak 8aren hurrengo edizioa iragartzeko erabiliko duen kartel-lehiaketa. Lehiaketaren irabazleari 600 euroko saria emango zaio, eskudirutan. Lanak Ermuko Udalean aurkeztu beharko dira, hots: Abiapuntu bulegoan, goizeko 8tatik 15etara (lanegunetan). Halaber, lanak postaz bidaltzerik ere badago: Ermuko Udala, Konbentokoa kalea z/g, 48260 Ermua (Bizkaia). Lanak aurkezteko azken eguna 2016ko otsailaren 10a da, hain zuzen ere arratsaldeko 3etara bitartean. Posta bidez bidalitakoak ere egun horretara arte onartuko dira, eguneko zigilu-markari erreparatuko zaiolarik.
Bai Emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunaren Sailak bai Berdintasun udal kontseiluak eten gabe gizon eta emakumeen artean benetako berdintasunaren alde dihardute eta, urtero “Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna” ospatzen dute: emakumeek dituzten eskubideak aintzat hartu eta aldarrikatzeko.
Kartela egiteko teknika librea eta egileak berak aukeratzekoa da. Deialdia arautzen duten oinarrietan xedatutakoaren arabera, lanek neurri zehatz batzuk eduki behar dituzte. Tamainarik txikiena 45x30 cm dira eta handiena, berriz, 65x40 cm-ra artekoak. Gaiari dagokionez, autoreak erabaki behar du Martxoak 8 zein ikuspegitik landu, baina nahitaezkoa da "8 de marzo - Día Internacional de las Mujeres 2016ko martxoak 8 - Emakumeen Nazioarteko Eguna" esaldia agertzea ere, derrigorrezkoa da. Lanak euskarri zurrun batekin babestuak aurkeztu beharko dira, azalean "Martxoaren 8ko kartel lehiaketa 2015" esaldia idatziz. Barnean, egilearen datuak jasotzen dituen txartela sartuko da.
2016ko otsailaren 15ean kasurako bilduko den epaimahaiak (Berdintasuneko zinegotzi delegatua epaimahaiaren presidentea izango da) irabazlea nor den erabaki eta haren izen-abizenak ezagutaraziko ditu, hurrengo egunean. Epaimahaiak saririk ez emateko aukera du, baldin eta haien ustez mailarik izaten ez bada. Lehiaketan parte hartzeak, oinarriak onartzen direla esan nahi du.
Informazio gehiago behar izanez gero atzitu beheko loturaren gainean.
Lotutako albisteak

Udaleko Berdintasun Sailak Santixauen diagnostikoa egiteko inkesta jarri du abian maiatzaren 17a arte

Zerbitzu gehienak itxita egongo dira datozen jai-egunak tarteko

Ostiraleko 18:00etan, Lobiano Kulturgunean Zehar Errefuxiatuekin elkartearen "Entretejidas" proiektuaren baitan