Jabekuntza Eskolak ikastaro berriak aurkeztu ditu

13.01.16
Berdintasuna

Ermuko Jabetze Eskolak ikasturte berrirako kurtsoak aurkeztu ditu. Urtarriletik martxora bitartean, hiru ikastaro ezberdin eskainiko dira Emakumeen Topalekuan.

Lehenengoa datorren urtarrilaren 20an hasiko da, eta Mindfullness praktika izango du aztergai. Bertan, osasunarekin eta ongizatearekin bat egiteko, teknika horrek proposatzen dituen aukerak martxan jartzen ikasiko dute parte-hartzaileek. Lura guneko Itziar Gandia izango da ikastaroaren gidaria, eta erlaxazioa, kontzentrazioa eta arreta bezalako tresnak landuko dira, sentsazioak eta emozioak hobeto ezagutu eta antsietatea, mina eta estresa baretzeko erabiltzen ikasteko.

Kurtso hori asteazkenero eskainiko da urtarrilaren 20tik otsailaren 17ra, 17:30etik 20:00etara. Azken saio bat egingo da otsailaren 25ean, osteguna, ordutegi berean.

Otsailaren 2an hasiko da, bestalde, ‘Rapa: jabekuntza feminista lantzeko tresna’ izeneko tailerra. Furia Soprano rapera nafarrak emango ditu klaseak, eta 1970. hamarkadako New Yorkeko gune pobreetako raparen hasierako historiatik abiatuta, jabekuntza feminista lantzeko tresna moduan proposatuko da musika estilo hori. Ukitzen gaituzten mekanismo sexistak identifikatzean datza kurtsoak, horien gainean hausnarketa egitean eta, raparen bitartez, zentsura edo formalismorik gabe, nahi duguna adieraztean; horrela, helburua errealitatea nolabait aldatzea da, osasungarriago izan dadin.

Batez ere, neska gazteei zuzenduta dago ikastaroa, eta asteartero izango da otsailaren 2an hasi eta martxoaren 22a arte. 18:00etatik 20:00etarako ordutegia izango du, baina otsailaren 23tik aurrera, 17:30ean hasiko da.

Azkenik, Maitena Monroyren eskutik, autodefentsa feminista tailerra izango da otsailaren 27an. Ikastaro honetako parte-hartzaileek erasoak identifikatzen ikasiko dute, baita indarkeria-modu ezberdinen jatorri eta sorburua, eta norbanakoan eta taldean dituen ondorioak ere. Helburua eguneroko bizitzako eraso-egoerei erantzun eta konpontzeko mekanismoak ezagutzea da. Tailerra aipatutako egunean burutuko da, 10:30etik 14:30era eta 15:30etik 19:30era.

Ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, eta kurtso bakoitzak 5 euroko prezioa du. Izena emateko edo zalantzak argitzeko, Ermuko Emakumeen Topalekura (Izelaieta kalea, 12) jo dezakezue, edo 943 17 10 30 telefono zenbakira deitu.

Lotutako albisteak

Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
25.11.25
Ermua, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Imagen
18.11.25
Azaroak 25eko jardueren programa aurkeztu da

Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan