Big Mama Montse & Tòfol Martínez Quartet taldeak blues doinuak ekarriko ditu larunbatean Lobianora
Bizkaia jazz-blues zirkuitua Ermura bueltan da asteburu honetan, Big Mama Montse & Tòfol Martínez Quartet talde katalanaren eskutik.
Agertokian guztia ematen duten bi ahots, bi gitarra eta bi izaera dira Montse eta Tòfol, kontzertuaren hasierako notetatik azken minutura arte oinarri erritmiko sendoak lagundurik. Eurek ondutako gaiak izaten dituzte, eta emanaldi bakoitzari begira aukeratzen dute errepertorioa. Guztion arteko jai batean amaitu daitezke haien blues hunkigarriak eta sakonak, giro bikain horretan nahasi egiten baitira bozkarioa eta sentimenduen adierazpena.
Sei urte zituela hasi zen Montserrat Pratdesaba solfeoa eta pianoa ikasten. 12 urte bete zituenean gitarrari heldu zion, eta bere kabuz jotzen ikasi zuen. Kazetaria da, 17 disko ekoitzi ditu eta album zerrenda luzean parte hartu du kolaboratzaile gisa. Era berean, Bartzelonako Blues Elkartearen fundatzailea da, sari ugari jaso ditu eta kantu irakaslea da Bartzelonako Blues Tailer-Ikastetxean.
Bestalde, abeslari, gitarra jotzaile, musikagile eta ekoizlea da Tòfol Martínez. Zuzeneko emanaldietan aurreko diskoetako blues eta soulen bertsioak eta “1979” lan berriak jasotzen dituen gaiak eskaintzen ditu.
Big Mama Montse & Tòfol Martínez Quartet taldeak larunbatean eskainiko du kontzertua Lobiano Kultur Gunean. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak salgai daude 8 euroren truke BBKren orotarako kutxatzainetan, Kutxabanken webgunean edota Lobianon bertan.
Lotutako albisteak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne