Udalbatzak onartu egin du animalien edukitza eta babesa arautzen duen ordenantza aldatzea
Ermuko Udalbatzak aho batez onartu du animalien edukitza eta babesa arautzen duen ordenantza aldatzea. Udaleko hamazazpi zinegotziak proposamenarekin ados agertu dira.
Jose Luis Araujo zinegotzi delegatuak aurreko batzordeetan azaldu zuenez, Sakonako hainbat bizilagunek animaliekin lotutako gaiekin arduratuta zeudela jakinarazi zioten Udalari. Zehazki, hiritar batzuk kexatu egin ziren txakurrek eta euren jabeek gauez euren etxebizitzetatik gertu sortzen dituzten zaratengatik. Izan ere, Sakonan, beste zenbait lekutan bezala, txakurrak solte ibili daitezke 22:00etatik 08:00etara, egungo ordenantzaren arabera.
Arazoa konpontzeko, zinegotzi delegatua kaltetutako bizilagunekin eta txakurrak dituzten pertsonekin bildu da hainbat egunetan, adostasunera iritsi eta egoera argitzeko.
Hainbat orduz hitz egin ostean, bi aldeak akordio batera iritsi dira, eta horri jarraiki, gobernu taldeak egungo animalien ordenantzako xedapen gehigarriko lehen puntua aldatzea proposatu du. Puntu horretan biltzen dira txakurrak solte ibiltzeko prest dauden espazio guztiak.
Udalbatzak aho batez onartu du proposamena, eta horri esker, eskumendun organoa izango da erabakiak hartuko dituena eta espazioak zehaztuko dituena.
Horixe da, hain zuzen, azken asteetan adostu den beste puntuetako bat: zein izango den eskumendun organoa gai honetarako. Orain arte, aldaketa guztiak, txikiak nahiz handiak, ordenantza aldatzea eskatzen zuten, eta horretarako informazio batzordetik pasatu eta osoko bilkuran onartu behar ziren.
Prozesua arintzeko, proposamena onartzearekin batera, eskumendun organoa Bozeramaileen Batzordea izango dela erabaki da. Bertan, Udaleko alderdi bakoitzeko ordezkari bat biltzen da. Aldaketa horri esker, aldaketak denbora tarte laburragoan prestatu eta onartzea espero da.
Honekin guztiarekin, ordenantza behin-behinean onartuta gelditu da. Hogeita hamar lanegunez jendaurrean jarriko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratuta, eta ez bada erreklamazio, alegazio edo iradokizunik aurkezten, behin-betikoa izango da.
Gai honen inguruko informazio guztia orrialde honetako ‘dokumentazio gehigarria’ atalean topa daiteke, laugarren puntuan.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n