Zirkulazioko eta gidatzeko baimenean helbide aldaketa, Udalean bertan
Alkateak eta Trafikoko Lurraldeburuak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute gaur, zenbait tramite egiteko Bilbora joan beharrik ez izateko
Carlos Totorika alkateak eta Adolfo Peñaranda Bizkaiko Trafikoko Lurraldeburuak hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, ermuarrek DGTrekin dituzten izapideak herrian bertan egin eta Bilbora joan beharra ekiditeko. Zirkulatzeko eta gidatzeko baimenetan eragina duten helbide aldaketak egin ahalko dira hemendik aurrera Ermuan; gainera, baja emanda edo erretiratuta dauden ibilgailuen egoera erregulatzeko aukera izango da. Ekitaldian izan dira, Totorikarekin eta Peñarandarekin batera, José Antonio Fernández udal idazkaria eta Hiritarren Segurtasun alorreko Félix Sanz Udaltzaingoko Ofizialorde Burua eta Elena Alba administraria.
Aipatutako elkarlanerako hitzarmena Trafikoko Buruzagitza Zentralaren Organo Autonomoak eta Espainiako Udalen eta Probintzien Federazioak (FEMP) adostu dute. Horren helburua ermuarrei tramite eta izapide administratiboak egiteko erraztasunak eskaintzea da; izan ere, orain arte Bizkaiko Trafikoko Lurralde Bulegora jo behar zen nahitaez, Bilbora. Hitzarmenari esker, udaletxean bertan egin ahalko dira zenbait eskaera, herritarrentzat karga administratiboa sinplifikatu eta murrizteko, dirua aurrezteko eta desplazamenduak ekiditeko.
Hitzarmena betez, Ermuko Udalak hainbat eskumen hartuko ditu bere gain. Horrela, ermuarrek gidabaimenaren edo zirkulazio-baimenaren helbide-aldaketagatiko kopiaren eskabide-inprimakia bertan betetzeko aukera izango dute. Alkateak hitzarmenaren nondik norakoak azaldu ditu, Ermuarentzat izango dituen onurak azpimarratuz. Trafikoko Lurraldeburuak, aldiz, prozeduraren xehetasunak eta egin ahalko diren izapideak zehaztu ditu. Haien hitzak oso osorik ikus ditzakezue hamahiru minutuko bideo honetan:
2015eko martxoaren 25eko Osoko Bilkuran onartu zuen Ermuko Udalbatzak hitzarmenarekin bat egitea. Gaiaren inguruan saio horretan landutako dokumentazio guztia lotura honetan ikus daiteke.
Hitzarmen honekiko atxikimendua udal estrategiarekin bat dator argi eta garbi, administrazio moderno eta aurreratu baten berezko baliabide elektronikoen bitartez, udal administrazioa herritarrei gerturatzen eta kalitatezko zerbitzuak arin eta eraginkortasunez eskaintzen laguntzen duelako. Hitzarmena berehala sartuko da indarrean, eta martxoko lehen astetik aurrera aipatutako izapideak udalaren bitartez egin ahalko dira.
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n