Debabarrena inicia a dos proyectos para mejorar la inserción laboral de jóvenes

14.03.16
Erakundea

Gaur abiatuko da Hazilan proiektua, 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuei zuzenduta.

Apirilaren 7ra arte dago zabalik epea Enplegu Anezka programan izena emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Santa María la Real Fundazioak, Telefonica Fundazioak eta Debegesak sinatu duten hitzarmenari esker.

Gaur goizean egin da Debegesan Debabarreneko Enplegu Mahaiaren osoko bilera, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien eta eskualdeko udalen parte hartzearekin.

Debabarreneko Enplegu Mahaiaren osoko bilera gaur goizean egin da Debegesan. Bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendaria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikorako zuzendaria, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresa Sustapen Zerbitzuko burua, Sprilurreko zuzendaria, Debabarreneko zortzi alkateak eta Debegesa garapen agentziako zuzendari nagusia.

2015eko azaroan jarri zuen martxan mahai hau Debegesak, eskualdean langabeziaren egoerari aurre egiteko eta eragile eta erakunde ezberdinen artean konponbideak aurkitzeko, eskualdeko ekonomia eta lanpostuen sorrera sustatze aldera. Prozesuak iraun duen denboran, hainbat bilera egin dira enpleguaren gaia hiru ertz ezberdinetatik jorratuz: enpresa-lehiakortasuna, azpiegiturak eta formazioa.

Enplegu arloan, gure eskualdean berehala abian jarriko diren jardueren artean, gazteen lanpostuak sustatzea helburu duten bi ekimen daude: Hazilan proiektua eta Enplegu Anezka.

Hazilan proiektua

Gaur bertan abiatu da Debegesan Hazilan proiektua, goi mailako ikasketak izanagatik (unibertsitate titulua edo prestakuntza zikloa) lana aurkitu ezinik dabiltzan 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Proiektu hau bost urtera begirakoa da (2016-2020). Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.

Lehenengo deialdian 60 lagunek eman dute izena. Hautagai guztien artean aukeraketa prozesu bat egin da, curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez, eta Debabarreneko 15 lagunek osatutako taldea sortu da. Lehen fase batean, formazioa jasoko dute euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta bigarren fase batean, enpresetan praktikak egingo dituzte edo proiekturen bat garatuko dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute.

Deialdiak izan duen erantzun zabala kontuan izanik, dagoeneko zabalik da bigarren deialdirako izen-emate epea (irailean hasiko da). Informazio gehiago Debegesaren webgunean: debegesa.eus.

Debabarreneko Enplegu Anezka

Bestalde, apirilaren 7ra arte zabalik dago Debabarrenean Enplegu Anezkan parte hartzeko izena emateko. Enplegu Anezka honek 25 gazte hartuko ditu, 18 urtetik 29 urtera bitartekoak gizonen kasuan eta 34 urte artekoak emakumeen kasuan.

Ez da prestakuntza profil zehatz bat eskatzen; oinarrizko ikasketak dituzten gazteak izan daitezke, lanbide heziketatik edo batxilergotik datozenak, unibertsitate ikasketak dituztenak... Baldintza bakarra da langabezia egoeran egotea. Ez da beharrezkoa, halaber, lan sektore jakin batean eskarmentua izatea, ezta esperientzia profesionala izatea ere.

Bost hilabetez taldekako zein banakako formazio saioak jasoko dituzte euren gaitasunak sendotzeko. Teknikari baten laguntzarekin, coaching eta adimen emozionaleko saioak egingo dituzte, komunikazio dinamikak, marka pertsonala eta enplegu bilaketa 2.0, elkarrizketa pertsonaletarako entrenamendua, enplegagarritasun mapak, enpresetara bisitak, bilerak ekintzaileekin, lan bitartekaritzako prozesuak giza baliabideetako arduradunekin... Azken finean, lana bilatzera bideratutako dinamikak landuko dituzte.

Proiektuan parte hartu nahi dutenek apirilaren 7ra arteko epea dute izena emateko. Debegesaren webgunean aurkituko dute informazioa eta izena emateko bidea: www.debegesa.eus. Informazio gehiago eskuratzeko, Debegesarekin jar daitezke harremanetan 943 82 01 10 telefonora deituz edo lanzadera@debegesa.eus helbidera idatziz.

Lotutako albisteak

Imagen
03.12.25
Langabeentzako lan-orientazioko programa abian da

Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
01.12.25
I. Gabonetako Postal Lehiaketaren emaitza erabakita

LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da