Angel Gallo ermuarrak elkartasunez beteriko kontakizun liburua argitaratu du

01.04.16
Gizartea

Jaime gaixorik dagoen haur bat da. Oso gaixorik dago, eta ezin du etxetik irten. Baina kontakizun hau ez doa horri buruz, edota ez soilik horri buruz, bederen.

Modu horretara aurkezten da “Un montón de momentos con Jaime y muchos más a su alrededor” liburua. Mondragon Unibertsitateko irakasle den Angel Gallo ermuarra da lan horren egilea, eta Perura egindako bidaia berezi batean bildutako istorioak, anekdotak, bizipenak eta sentimenduak kontatzen ditu bertan.

Fikzioak ez du lekurik liburu honetan; kontatzen den guztia Angel Gallok benetan bizitakoa da, Latinoamerikako herrialdearen iparraldean dagoen Huanchaco hirian. Azaltzen duen bidean, Jaime ezagutzeko aukera du irakurleak; auzo perutar xume batean bizi den mutikoa da Jaime, baina gaixotasun batek normaltasunez bizitzea ekiditen dio.

Fibrosi kistikoa du Jaimek. Kanpo-jarioko guruinen funtzionamendu okerrak eragindako gaixotasuna da, eta biriketako gaixotasun kronikoa eta pankrearen disfuntzioa sortzen ditu. Ikus daitekeen sintomarik larrienetako bat arnasa hartzeko ezintasuna da; hori dela eta, Jaimek oxigeno tankeak behar ditu uneoro.

Gauzak horrela, Angel Gallok azaltzen duenez, herri xume eta hareatsu batean haur bati lagundu asmoz hasten den istorioa herrialde eta kultura baten isla bilakatzen da. Behinola handi izan zen herri baten ondarea erakusten du liburuak, eta handitasun haren azken aztarnak aurki daitezke bere orrietan.

Helburua: elkartasuna

Liburua egileak berak ekoitzi du, eta ermuarrak azpimarratu duenez, lanak sortutako irabaziak, oso osorik, Jaimeri eta haren familiari laguntzeko izango dira. Liburua Durangoko Urrike liburu-dendan eta Zarauzko eta Donostiako Garoa liburu-dendetan eskuratu daiteke.

Dirua ez da laguntzeko modu bakarra, baina nahi duen orok haur horren etorkizunaren alde egin dezake bere webgunean emariak eginez.

Lotutako albisteak

Imagen
20.05.25
'La cita' eta 'La buena letra' asteko zine komertzialaren proposamenak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan
Imagen
20.05.25
Txabi Arnalek azken bi argitalpenak aurkeztuko ditu Ermuan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan
Imagen
20.05.25
Ermuak Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen-fasearen hirugarren saioa hartuko

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko