Musikaz beteriko asteburua Irulitxaren 20. urteurrena ospatzeko
Hogei urtez estatuko txoko guztietako festak girotzen aritu ostean, Irulitxa txarangak bere jai propioa ospatuko du asteburu honetan zehar Ermuan. Ostiral honetatik igandera arte, herri osoko kaleak musikaz blai egingo dira, eta ekimenez betetako programa izango dugu.
Ospakizunak gaur, ostirala, 19:00etan hasiko dira Orbe Kardinala plazan. Bertan, Irulitxa txaranga aurkeztuko da; elkarteko talde txikitxo bat da hori, estatu osoan zehar festarik festa bidaiatzen duena. Ekimenaren berezitasuna zera da, fanfarreak ez bezala, txaranga honek ez duela sekula Ermuan jo. Beraz, gaurkoa estreinaldia izango du herrian. Aurkezpen horretan izango dira, gainera, elkartearen sortzaileak, kolaboratzaile izandakoak eta oraindik ere badirenak, eta Siguenzako (Guadalajara) La Rampa elkarteko kideak, besteak beste. Guztiek batera poteo-kalejira egingo dute.
Bihar, larunbata, Txarangen eguna ospatuko da, eta egun osoa ekitaldiz beteta egongo da. Goizean Udalak harrera egin ostean, Ermuko auzo guztiak musikaz eta festaz beteko dira eguerditik aurrera. Arratsaldean, jaia Orbe Kardinala plazan eta inguruabarretan batuko da, eta 21:00etan, parte hartzen duten talde guztiek batera Irulitxaren himnoa joko dute. Ekitaldi horretan, zendu diren Irulitxako Miguelon, Juanan eta Luis Mariri eta Ustekabeko Maitaneri omenaldia egingo zaie. Egunari amaiera emateko, Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du plazan 23:30etik aurrera.
Igandean, apirilak 10, Euskal Dantzen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da eguerdian Ermuko kaleetan barrena, Groseko Iñude eta Artzaiak talde donostiarraren eta herriko fanfarrearen eskutik, eta jarraian poteoa egingo da txosnan. Arratsaldez, 18:00etan, Txaranga Irulitxa Fanfarrearein jai giroa izango da nagusi plazan.
Gainera, aste osoan zehar, Ermuko dendetako erakusleihoetan Irulitxaren hogei urte hauetako argazkiak, bideoak, instrumentuak eta abar ikusgai daude.
Gogorarazi behar da maiatzaren 8a dela, ofizialki, elkartearen urteurrena betetzen den eguna. Egun horretan, Irulitxaren abesti propioei letra jartzeko lehiaketaren sari banaketa izango da. Gainera, egun berean, kontzertua eskainiko dute fanfarreak, musika eskolako ikasle eta irakasleek, Pispillu abesbatzak eta Txindurri Dantza Taldeak eguerdiko 12:00etan plazan.
Lerro hauen ostean ospakizunak iragartzen dituen bideoa ikus dezakezue.
Lotutako albisteak

'Septiembre dice' emango zineklubean eta 'Kayara' gazteen saioan

Idazle ermuarrak 'Doña Olimpia y el canario' eta 'Supervaca y Supertopo' liburuak aurkeztu eta sinatuko ditu bihar Lobianon, 18:00etan

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko