Ermuan Bagara, hamabi ordu eta erdi euskaraz
Maiatzaren 28an Ermuan Bagara eguna ospatuko da geure herrian, eta prestakizunak aurrera doaz. Proiektuaren nondik norakoen berri emateko, Ermuko Euskaltzaleen Sareak bilera irekia egingo du bihar, asteartea, arratsaldeko 19:00etan Lobiano Kultur Gunean. Bertan, egun horretako behin behineko egitaraua eta kartela aurkeztuko dira.
Hainbat ekintza egingo dira egun berezi horretan zehar; horietako bat flashmoba izango da. “Ermuan Bagara” izeneko kantua sortu dute herriko hainbat musikariren artean, eta honako koreografia prestatu dute ekitaldirako.
Abestiaren letra Nahiara Gallasteguik sortu du, eta Esti Gonzalezek Ermuko euskarara moldatu du. Grabaketan musikari askok hartu dute parte: ahotsak Nahiara Gallasteguik eta Leire Elustondok jarri dituzte; gitarra, koroak eta perkusioa, aldiz, Asier Cascán Stai Zitto taldeko kideak, eta Asier Urangarekin batera, musikaren ukituak ere egin ditu. Txalapartariak Begoña Fernandez, Olga Bayon, Maitane Unamuno eta Aitor Urriolauzokoa izan dira, Falilou Diop AEKko ikasleak yembea jo du, eta Andere Astigarraga musika eskolako irakasleak, berriz, trikitixa. Antxintxiketako lan-taldea eta Hiart Redondo arduratu dira pertsona horiek guztiak elkartzeaz.
Ermuan Bagara egitasmoaren helburua herriko euskaltzaleak batzea eta elkarlanean euskara plazaratzea da. Dagoeneko berrogei eragile baino gehiagok parte hartzeko konpromisoa hartu dute, eta horiei esker, maiatzaren 28an euskara gure herriko kaleetan bizirik eta indartsu egoteko, 12 ordu eta erdian euskara hutsez izango diren jarduerak batuko dira.
Egunerako kamisetak ere prestatu dituzte antolatzaileek. Adin tarte bakoitzerako kolore bat aukeratu dute, egun koloretsua izan dadin eta, aldi berean, salmenta errazteko. Umeenak 8€ eta helduenak 10€ balio dute, eta hiru euroren truke poltsak ere badituzte. Euskal Biruseko lokalean erosi daitezke, baita egingo diren batzarretan ere.
Jarraian ikusi dezakezue abestiaren letra, baita koreografia ere, maiatzaren 28rako guztia prestatzen hasteko.
Lotutako albisteak

Maiatzaren 15etik 25era egingo da euskararen erabilera aktibatzeko gizarte mugimendua

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Udalekuak ekainaren 23tik uztailaren 18ra bitarteko laur asteetan gauzatuko dira. Izen emateak zabalik maiatzaren 7tik