Emakumea eta gerraostea, 'El Florido Pensil - Niñas' antzezlanaren ardatza

27.04.16
Ermua Antzokia

Bost neskato gerraosteko Espainiako eskolan. Horixe da “El Florido Pensil – Niñas” antzezlanaren gai nagusia, eta ostiral honetan Ermua Antzokian ikusteko aukera izango da.

Tanttaka Teatroak aurkezten duen antzezlanak gerraondoko Espainiako hezkuntza sistemaren krudeltasun absurdu eta zentzugabea jasaten duten bost neskatoren eguneroko gorabeherak kontatzen ditu. Eskola gizartearen eta horren ideologia menderatzailearen isla zen, eta ideologia horrek Erdi Aroko patriarkaturik sakonena berreskuratu eta azken ondorioetaraino ezartzea erabaki zuen. Emakumeak izan ziren ekintza moralizatzaile horren helburu: ezkontzea eta etxeko lanak egitea zen haien berezko bidea. Eta beren ibilbide profesionala, berriz, familia osatzea eta seme-alabak edukitzea. Horretan bat zetozen ia guztiak, emakumeak zein gizonak: maistra, apaiza, gurasoak, moralistak, kupletistak, eleberri arrosen idazleak, baita gimnasia-irakasleak ere. Eszena guztietan ikusiko da, batzuetan argi, besteetan itzulinguru korapilatsuen bidez, bi emakume mota baino ez zeudela: zintzoak eta besteak.

1994an Andrés Sopeñak argitaratutako “El florido pensil” liburuan oinarrituta dago antzezlana. Tanttakak 1996an egin zuen obra horren lehen moldapena, eta oraingoan, Mireia Gabilondoren eta Fernando Bernuésen zuzendaritzapean, bost emakumezko ditu protagonista: Elena Irureta, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Teresa Calo eta Itziar Lazkano.

90 minutu inguruko iraupena du obrak, eta 22:15ean hasiko da, ostiralean, Ermua Antzokian. Sarrerak salgai daude 12 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean edota, ordubete lehenagotik, aretoko leihatilan.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
26.11.25
‘Tanttaka'k bizitzaren zailtasunen inguruko endredozko komedia aurkeztuko Antzokian

‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean