Euskaldun Berria plaza estreinatuko du Ermuak hilaren amaieran

09.05.16
Euskara

Maiatzaren 28an Ermuan Bagara eguna ospatuko dugu, herrian euskararen erabilera bultzatzeko jardunaldi berezia. Egun horretan bertan, Ermuko Udalak Euskaldun Berria plaza inauguratuko du, helduaroan euskara ikastea erabaki duten pertsona guztien ohorez.

Proposamena Euskararen Egunaren harira aurkeztu zen, abenduaren 3an, eta maiatzaren hiruko Osoko Bilkuran onartu zuen Udalbatzak. Beatriz Gámiz Euskara zinegotziak azaldu duenez, azken hamarkadetan milaka izan dira heldutan euskara ikasteko hautua egin dutenak, eta milaka, baita ere, euren seme-alabentzat euskarazko irakaskuntzaren aldeko aukera egin dutenak. Hori dela eta, Udalak euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi die, euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen baitute, eta haien guztien gogo, kemen eta ahalegina omendu nahi dira.

Euskaldun Berria izendatzeko hautatu den tokia Torrekia, Ertz, Scorpio eta Zutik tabernen arteko espazioa da. Inaugurazio ekitaldia maiatzaren 28an izango da, Ermuan Bagara ospakizunaren barnean.

Estreinaldi horretaz gain, Ermuan Bagara eguna euskarazko ekitaldiz josita egongo da, tartean, flashmob bat. Herriko hainbat pertsonak kantu bat konposatu dute egun horretarako, eta honako koreografia prestatu dute.

Ermuan Bagara egitasmoaren helburua herriko euskaltzaleak batzea eta elkarlanean euskara plazaratzea da. Dagoeneko berrogei eragile baino gehiagok parte hartzeko konpromisoa hartu dute, eta horiei esker, maiatzaren 28an euskara gure herriko kaleetan bizirik eta indartsu egoteko, 12 ordu eta erdian euskara hutsez izango diren jarduerak batuko dira.

Egunerako kamisetak ere prestatu dituzte antolatzaileek. Adin tarte bakoitzerako kolore bat aukeratu dute, egun koloretsua izan dadin eta, aldi berean, salmenta errazteko. Umeenak 8€ eta helduenak 10€ balio dute, eta hiru euroren truke poltsak ere badituzte. Euskal Biruseko lokalean erosi daitezke.

Lotutako albisteak

Imagen
12.11.25
Olaia Inziartek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Ermua Antzokian

‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Imagen
05.11.25
Dena prest XXXV. San Martin azokarako

Aurtengoa animaliarik gabeko edizioa izango da
Imagen
03.11.25
Gabon Negulekuetarako izen-emateak asteazkenean zabalduko dira

Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko