Ermua C.D.k udako lehen futbol kanpusa antolatu du
Ermua Kirol Klubak udako futbol kanpusaren lehen edizioaren berri eman du. Ekimena ekainean eta uztailean garatuko da, eta 2003 eta 2009 urteen artean jaiotako neska-mutilei zuzenduta egongo da, biak barne.
Udako kanpusaren helburua opor garaian kirola bultzatzea da. Hainbat ekintzaren bitartez, parte-hartzaileek kirolari lotutako gaitasunak (teknika, taktika, gaitasun eragileak…) garatzeko eta hobetzeko aukera izango dute, eta elkartasuna, laguntasuna, taldeko lana eta gehiago izateko izpiritua bezalako baloreak landuko dituzte. Gainera, gurasoei lana eta familia uztartzeko aukera ematen die kanpusak.
Parte-hartzaileek euren adinerako egokiak diren entrenamenduak egingo dituzte, jolasen bidez futbolean jokatzen ikasteko, eta baloia izango da protagonista nagusia. Baina, horretaz gain, kanpoko igerilekuetara eta Lehen Mailako kirol instalazioetara (Zubieta eta Lezama) irteerak egingo dituzte, eta klubak argitu ez dituen sorpresa gehiago ere egongo dira.
Entrenamendu saio guztiak Ermuko Teodoro Zuazua futbol zelaian egingo dira klubaren eta kanpuseko bi koordinatzaileen zuzendaritzapean. Erabiliko den metodologia Athletic Klubak gainbegiratu eta onartu du, eta umeen formaziora zuzenduta dago.
Hiru aste, hiru txanda
Astebeteko hiru txandatan zehar egingo da futbol kanpusa:
- 1. astea: ekainaren 27tik uztailaren 1era
- 2. astea: uztailaren 4tik 8ra
- 3. astea: uztailaren 11tik 15era
Astelehenetik ostiralera izango dira saioak, 09:00etatik 14:00etara. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina txandatan eman dezake izena, eta 100 eurotik 250era arte aldatu daiteke prezioa, hautatutako aste kopuruaren arabera: aste bat, 100 euro; bi aste, 180; eta hiru aste, 250. Klubeko jokalari direnek edo izateko asmoa dutenek deskontua izango dute: aste bat 70 euro; bi 150 euro eta hiru 220 euro. Prezioan barne daude eguneroko hamaiketakoa, ekipazio osoa eta erantzukizun zibileko asegurua.
Izena emateko epea zabalik dago datorren ekainaren 3a arte, eta fitxa Ermua Kirol Klubaren webgunean, Geraleku tabernan edota taldearen bulegoetan bete daiteke.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua C.D.ren webgunea.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke