Crisix talde kataluniarra kartelburu Vértigo Rocken 10. edizioan

16.05.16
Kultura eta Gazteria

Ermuko Vértigo Rock jaialdiak hamargarren urteurrena ospatuko du larunbat honetan, eta San Pelaioko eszenatokian sekula baino talde gehiago izango dira. Guztira zortzi taldek parte hartuko dute jaialdian, Alboka Musika Eskolarekin eta Elektrotxarangarekin batera.

Talde ezagunak eta hasiberriak kartel berean batzen saiatu dira antolatzaileak. Eguneko protagonistak Crisix kataluniarrak izango dira, eta “From Blue to Black” disko berri-berria aurkeztuko dute. Boskote gazteak hiru disko kaleratu ditu orain artean, eta euren thrash metal azkarrak kritika bikainak jaso ditu. Mundu osoan zehar birak egin ostean, apirilean tour nazionalari ekin zioten, eta larunbatean Ermua izango da euren geltokia.

Cobra bilbotarrek eta Insohmnio ermuarrek osatuko dute, Crisixekin batera, jaialdiaren gaueko tartea, baina arratsaldeko lehen ordutik musikaz beteta egongo da herria. 14:50an hasiko da festa Alboka Musika Eskolaren eskutik, eta jarraian Hora 13 durangarrek eta Nemon herritarrek hartuko dute lekukoa. Markinako A.D., Ermuko Issuna eta Escuela de Odio asturiarrek girotuko dute arratsaldea, 20:45ean Motxaila Band elektrotxarangaren kalejirak jai giroa zabaldu arte.

Jaialdiaren berrikuntza nagusia esparru osoa babestuko duen estalkia izango da, euria egiten badu ere, festa eten ez dadin. Gainera, antolatzaileek gogorarazi dute inguruan afaldu ahal izateko hainbat aukera desberdin egongo direla.

Sarrera, urtero bezala, doakoa da, eta honakoa da ordutegia:

  • 14:50 Alboka Musika Eskola
  • 16:00 Hora 13
  • 17:00 Nemon
  • 18:00 A.D.
  • 19:00 Issuna
  • 19:55 Escuela de Odio
  • 20:45 Kalejira con Motxaila Band Elektrotxaranga
  • 21:50 Insohmnio
  • 23:05 Cobra
  • 00:40 Crisix

Informazio gehiagorako, ikus ezazu Vértigo Rock jaialdiaren webgunea.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
28.11.25
Gaztegunera sartu ahal izateko, eman izena

Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian