'Txabi Arnal' izango da 2016ko herriko jaietako txupinero
‘Txabi (Javier Ignacio) Arnal’ Gil ermuarrak herriko jai nagusietan suziri edo txapligua botako eta jaiei hasiera emango die aurtengoan, Jai Batzordeak udal Kultura sailaren proposamena ontzat eman eta bere egin ondoren. Batzordeak erabakia aste honetako azken bileran hartu du, bertan orain arte jarraituriko eta Kulturak pertsona hautatzeko irizpidea datorren urterako alda daitekeela aurreratu zen. Horrela bada, Jai Batzordeak pertsonaia proposatuko eta kide direnak bozkatuko dute nori egokitzen zaion erabakitzeko, jaietako kartelarekin egiten den bezalaxe.
Suziri edo txupina berrogeita bost egun barru botako da, Santiago Apostoluaren ohorez biziko ditugun herriko jai nagusiak zabalduz. Hain zuzen ere, uztailaren 24ko igandearen arratsaldeko 7etan, Orbe Kardinalaren plazatik ohikoa dugunez. Herrian ditugun eta kirol nahiz kultura alorretan gailendu diren ermuarrak omendu eta lortutakoa aintzat hartzeko ekimena 2011. urtean hasi zen, lehenengoa eta aitzindaria Ander Gayoso futbol jokalaria izan zelarik. Ondoren lau urte atzera lekukoa Santiago Fuerte korrikalari beteranoak hartu zuen, ondoren Aitor Hernandezi eta Iker Elustondori egokitu zitzaien. Orain bi urte atzera protagonistak Matxalen Ziarsolo eta Imanol Álvarez izan ziren, eta iaz Arantza Moreno eta Leire Gorritxategi atletak. Aurten aldiz, kultura eta hezkuntza alorreko ordezkari den ‘Txabi Arnal’ izanen dugu zeregin horretan.
‘Txabi Arnal’ (1967an) Ermuko Ongarai auzoan jaiotakoa da, lau neba dira. Bera lan gehienak euskaraz idatzi ditu eta guztiak ‘Txabi Arnal’ goitizenaz sinatzen. Gasteizen bizi eta lan egiten du, irakasle gisa, Lengua eta Literatura Didaktika Saileko kide, Euskal Herriko Unibertsitatearen barne dagoen Irakasle-eskola Unibertsitarioan. Unibertsitate horretan Psikodidaktikako doktore da. 2011n tesia aurkeztu eta defendatu ondoren, non “1980-2008ra bitartean haur eta gazteentzat gazteleraz argitaraturiko album infantiletan heriotzari eman zaion trataera” aztertu zuen. Merkatuan haur eta gazteentzat argitaraturiko hamar lan ditu, hainbat sari jaso izan dituelarik. Azkena maiatzean bertan, orain egun batzuk atzera. Hezkuntza Kultura eta Kirol Ministerioak haur eta gazteen kategorian 2016an argitaraturiko liburu onenaren lehen saria; ‘La leyenda de Zum’ titulukoagatik. Marrazkiak Roger Olmosek egin ditu eta alea NubeOcho argitaletxeak kaleratu du.
‘Txabi Arnal’ herriko jaietan suziria botatzeko proposatu eta hautatua izan da “Ermua herriari balioa eransten dioen semea delako, gure herria ezagunago egiten laguntzen duelako”. Arnalek Ermuarekin duen lotura estua da, familiaz gain udal liburutegiarekin eta zerbitzuaren jardueratan sarri parte hartzen duelako, baita ikastetxeekin ere eta, noski, elkar hazitako lagunekin. Ermura sarri etortzen da, San Martin azokan, Eguberritan edo Santixauetan kalerik egin gabe.
Lotutako albisteak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu