Hementxe dira XVI. Jardunaldi Gastronomikoak
Astelehen honetan hasiko da Jardunaldi Gastronomikoen hamaseigarren edizioa, ekainaren 13tik 19ra ospatuko dena. Lobiano Elkarte Gastronomikoak antolatu ditu jada ohikoak diren jardunaldiak, eta berrikuntzaz beteta datoz.
Ohiko azokarik eta stand gastronomikorik ez dela izango da aurtengo berrikuntza nagusia, baina ordezko ezinhobea dute. Izan ere, ekainaren 16tik 19ra Orbe Kardinala plazan 22 ‘Food Truck’ kokatuko dira. Postu mugikor horietan, Espainiako ‘Food Trucks’ txapelketan parte hartu duten lehiakideak izango dira. Aukera anitz; azkartasuna, zaporea eta prezio ona izango dira eskainiko diren elikagaien ezaugarria.
Dastatze-afaria Calahorrako (Errioxa) ‘Chef Nino’ sukaldariak prestatuko du, eta bertako barazkiek izango dute lehentasuna bere menuan.
Larunbat arratserako bakailao lehiaketa errepikatuko da, eta izen-emate epea zabalik da jada. 25 bikotek parte hartu ahal izango dute gehienez, eta 20 euro dira bikoteko. Horrez gain, paella solidarioa, dastatzeak, haurrentzako tailerrak eta beste jarduera asko ere izango ditugu aukeran.
Pintxo lehiaketa
Hogeita hamar ostalarik parte hartuko dute aurtengo pintxo lehiaketan. Pintxo gogo-gozoak dastatu ahalko dira aste osoan zehar, ohiko ordutegian, 1,40 euroren truke.
Epaimahaikideak ostegunean pasatuko dira tabernetatik 17:00etatik aurrera. Irabazleak diploma eta 200 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak, diploma eta 50 euro, EMOEk eskainita. Gainera, Ermuko Udalaren webgunean bozkatzen dutenen artean, publikoaren pintxorik onena hautatuko da eta diploma emango zaio. Bozketa ostiral gaueko 00:00ak arte egongo da zabalik. Epaimahaia Elgoibarko Belaustegi jatetxeko Josu Mugerzak, Durangoko Kobika jatetxeko Iñigo Kortabitartek, Josema Azpeitiak (Ondojan aldizkariagatik Euskadiko Gastronomia sariduna) eta antolatzaile batek osatuko dute.
Lotutako albisteak
Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian
Lau hilabete iraungo du, martxora arte, eta inskripzioak zabalik daude
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean