Errotabarriko Anne Erauskinek saria jasoko du Bizkaiko Eskubaloiren galan

16.06.16
Kirolak

Errotabarri Kirol Elkarteko jokalari Anne Erauskin Martinezek “2015-2016 Denboraldiko kirolariaren saria” jasoko du bihar, Bizkaiko Eskubaloiaren Galan, zeina Kirolaren Etxean gauzatuko den iluntzeko zortzi eta erdietatik aurrera. Eskuin hegalak Bizkaiko Federazioaren izendapen jaso du, funtziotan dagoen Carmen Braum Moll Presidenteak bidali dion jakinarazpen eta gonbite idatzian.

Ermuar gaztea oinarriko kirolari da, herriko harrobikoa, hasieran Anaitasuna Ikastolako taldean jokatu zuena eta kadete mailatik Errotabarri elkarteko kidea. Denboraldi borobila bete du, jokalari bezala hasten eta ikasten jarraitzeko, Imanol Alvarez entrenatzen duen Nesken Zilarrezko Ohore mailan aritu izan dena. Hainbat jardunalditan bikoiztu behar izan da jubenilen taldean ere jolasteko. Estatuko selekzioak eta Jenaro Felix entrenatzaileak ere deitu eta eraman izan dute, Aste Santuko nahiz maiatzeko kontzentrazioetara. Orain egun batzuk, Suedian jokatu duten Openerako, lagun arteko partida bi Kroazian eta Mundu Txapelketa Eslovakian egoteko hautatu dute, hortaz udan nazioarteko txangoa egiten izanen da, Anne Erauskin ermuarra. Saria –duen balio eta jokoagatik- berari propio eginiko errekonozimendua bada ere, zeharka oinarrizko eta amateur mailako kirolera datorkigu, horrelako fitxa eta lotura baitu Errotabarri E.K.E.an

Anne zorioneko bolada onean dago, eskola nahiz kirolean ikasturte aparta bete baitu. Lauaxeta Ikastolan bikaintasunaren aitortza jaso duten 11 ikasleren artean dago, batxilergoan bataz beste izandako emaitza bikain izan duelako. Gaurkoan selektibitatea ere aise gainditu duela jakin du, horri esker EHUak Sarriko duen Ekonomi eta Enpresa Fakultatean Enpresa Zuzendaritza gradua egiteko. Promes ermuarra familiarekin bat atseden hartzen herritik kanpo dagoen arren, bihar Bilbon eta eskubaloiaren urteko gala ekitaldian izango dela ziurtatu du. Zorionak!

Errotabarriren Eguna ospatuko du elkarteak igandean

Elkarteak bere Errotabarriren eguna ospatuko du igandean eta jarduera ugari prestatu ditu. Egun horretan eta eguraldia lagun bada behintzat kategoria guztietako taldeek kalean erakustaldi partidak jokatuko dituzte, benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak, seniorrak, gurasoak eta baita entrenatzaile eta begiraleak. Hiru pista erabiliko dituzte, San Pelaio parkean atonduko diren bi eta hirugarrena Sallabente auzoan, ermuarron aurrean eta horiekin bat kirola lau haizetara zabaldu eta ezagutzera emateko xedez.

Arratsaldeko ordu bi eta erdietan jokalari eta familiak plazan bilduko dira elkarrekin jai giroan batera bazkaltzeko. Aurreikusita dago 120 lagun baino gehiago izango direla bakoitzak dakarrena partekatu eta bazkaltzeko denon artean. Hori guztia antolatzeko Errotabarrik herriko Udalaren, UKEren eta Merkatari eta Ostalarien elkarteko laguntza jaso du. Gozatu eta ondo pasa!

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
‘Mugiment Pausu Erronka!’ hastear

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra
Imagen
06.05.25
Kirolari gazteen artean adikzioak prebenitzeko formakuntza saioak

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin
Imagen
05.05.25
2007tik 2012ra jaiotako gazteentzako doako areto-futboleko txapelketa

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke