Hemen da Elektrojaia musika jaialdiaren zortzigarren edizioa

30.06.16
Kultura eta Gazteria

San Pelaio parkean azken ukituak baino ez dira falta Elektrojaia musika jaialdiaren zortzigarren edizioari ekiteko. Uztailaren 2a, larunbata, izango da egun handia, hamabi orduz etengabe musika izango baita nagusi Ermuan.

Honako ezaugarriak dituen jaialdi baten gutxieneko segurtasun baldintzak ziurtatze aldera, antolatzaileek San Pelaio parkearen zati bat ixteko hainbat neurri hartu dituzte: hesiak erabiltzea, eta estrategiko jotzen diren hainbat lekutan azpiegitura elementuak kokatzea; esaterako, karpa estaliak, material biltegia eta txosna. Hori horrela, jaialdiaz gozatzera doazenek sartu eta irteteko gune zehatz bat izango dute eta segurtasunaz arduratuko diren langileek errazago eta hobeti gauzatu ahal izango dute beraien jagoletza lana.

Asteburuko ekitaldi nagusiaren aurretik, beroketa gisa, Javier Ganuza, Fey, Blanko eta Araujo musikariek emanaldiak eskainiko dituzte bihar, ostirala, 19:00etatik aurrera Sagarra eta Dakota tabernetan. Jaialdiko ekitaldi guztietan bezala, sarrera doakoa izango da.

Soinu elektronikoak izango dira protagonista larunbatean, 15:00etatik aurrera, Victor Santana, Charles Ramirez eta Sinestesiaren eskutik, besteak beste. San Pelaio parkean muntatutako bi karpetan arituko dira artistak: Main Stage edo eszenatoki nagusia, batetik, eta Old School Room, bestetik. Horrela, goizaldeko ordubiak arte, hamabi orduz musikaz gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Hauxe da ordutegia:

  • Main Stage
    • 15:00 Josu Aramburu b2b Mengu
    • 16:00 Flashers
    • 17:00 Andoni López
    • 18:00 J. Nandez
    • 19:00 Alexander Martínez
    • 20:00 Charles Ramírez
    • 21:00 Javier Ganuza
    • 22:00 Victor Santana
    • 23:30 Stan Garac b2b Erikss
    • 00:30 Aitor Araujo
    • 01:30 Closing

     

  • Old School Room
    • 15:00 Javier Ganuza
    • 16:00 Boltron
    • 17:00 Panu b2b Fey
    • 19:00 Ander Blanko
    • 20:00 Sinestesia
    • 21:30 Fey
    • 22:30 Sebita
    • 23:30 Trampas

Larunbateko egun biziaren ostean, igandean ‘afterparty’ edo festa ostekoa ospatuko da Sagarra tabernan, Victor Santana, Javier Ganuza eta Fey musikarien eskutik. Ekitaldia 02:30ean hasiko da, astelehena jai eguna dela aprobetxatuz.

Ermuko Udalak, Ermuko Gazte Puntuak eta Elektrojaia taldeak antolatu dute jaialdia, hainbat tabernak eta markak babestuta.

Lotutako albisteak

Imagen
18.07.25
Jarduera ugari izango dugu, jaien aurreko asteburuan

Egitarauak gustu guztietarako hamabost bat jarduera eskaintzen ditu
Imagen
18.07.25
‘Gatibu’ eta ‘Los Zigarros’ taldeek Santixauei hasiera emango diete

Taldeek kontzertua emango gaur eta bihar, hurrenez hurren, San Pelaion, 23:00etan hasita
Imagen
17.07.25
Dibertsioa eta giro ona nagusi, aurtengo ‘Uda Gazte Jolasak’ jardueran

Gogobetetze-inkestek parte-hartzaileen eta familien gustua islatzen dute. Gazteria Sailak datorren edizioan plazak gehitzeko lan egingo du