Abian da Zerukoa auzoko igogailu publikoa
Ermuko Zerukoa 3 kalea eta Ongarai auzoa lotzen dituen igogailu publikoa inauguratu da gaur asteartea, uztailak 5. Instalazio honekin, Zerukoa auzoan aurrez eraikitako eskailera mekanikoekin batera, institutura, Anaitasuna eta Ongarai eskoletara eta Betiondoko kirol instalazioetara joateko bide erosoa bermatzen da.
Igogailuarekin batera, ingurua ere hobetu egin da; esaterako, eskailera berriak eraiki dira eta zorua ere berreginda dago. Goiko aldean, igogailuaren irteeratik aurrera hasten den bidean, hesiak eta LED argiak ipini dira. Gainera, zoru ez labaingarria duenez, pasabide segurua eskaintzen du instituturantz.
Zerukoako instalazioak hamar metro inguruko altuera du, eta onartzen duen gehienezko karga 1.000 kilo edo zortzi pertsonakoa da. Segundoko 1,75 metroko abiaduran igotzen da, eta behin gora iritsita, zortzi metro luze eta bi metro zabaleko pasabidea izango dute erabiltzaileek bertatik Ongarai aldera irteteko. Inguruan hobetutako argiztapenaz gain, igogailuak berak ere kontsumo baxuko LED argiak ditu, gauez pizten direnak.
Herritarren segurtasuna bermatzeko, igogailuaren kabina panoramikoa da, eta kristal gardenen bitartez guztia ikusten da bai barrutik kanpora, baita kanpotik barrura ere. Gainera, segurtasun kamerak daude igogailuaren bi aldeetan. Horrekin guztiarekin, erabiltzaile guztien ongizatea babestu nahi da.
360.000 euroko aurrekontua izan du instalazioak, eta eragin guneen eta erabiltzaile posibleen inguruko ikerketa baten arabera, Ermuko bizilagunen %22,02ari zerbitzua eman diezaiokeela uste da.
Astearte honetatik bertatik aurrera abian da zerbitzua, eta egunero zabalik egongo da goizeko zazpietatik gaueko hamaika t’erdietara bitartean.
Carlos Totorika alkateak egin du igogailuaren estreinako bidaia, zinegotziez eta zenbait herritarrez lagunduta. Instalazioak inguruko irisgarritasuna hobetuko duela azpimarratu du Totorikak.
San Pelaioko eta Aldapa kaleko igogailu publikoak datorren asteartean, uztailak 12, inauguratuko dira.
Lotutako albisteak
Udalak mendi bien Plan Bereziak idazteko lehiaketa deitu egin du
Jabeek, erkidegoek eta errentariek eskatu ahal izango dute eta doakoa izango da udalak gain hartuko duelako
Astelehenean hasiko dira obrak "Irudi" zaharretik "Frankfurt" tabernaren bidegurutzeraino doan tartean