Sallabenteko jaiek eta Gazte egunak asteburua alaituko dute
Aste honetan zehar ospatzen dira Ermuko Sallabente auzoko jaiak, eta ekitaldiz betetako programa osatu dute Jai Batzordeko kideek.
Astelehenean hasi zen Gazte Kultur Astea haurrentzako kirol-aurre jokoekin (abiadura-erreleboak, hiru lerroka eta ginkana). Egun berean, Ertaroko Azoka Handia zabalduko dute eta asteburu osoan zehar irekita egongo da. Jaietako ekimenik garrantzitsuenetako bat izango da, ezbairik gabe.
Larunbatean, haurrentzako kirol-aurre jokoen finalerdiak eta finala jokatuko dira goizean. Igel eta mus txapelketak, sardina eta saiheski banaketak eta gaueko berbenak, Kresala taldearen eskutik, besteak beste, osatuko dute eguna.
Igandean, eta eguna gogotsu hasteko, haurrentzako futbolin txapelketa ospatuko da. 13:00etan herri kirol erakustaldia hasiko da, 2016ko Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako aizkolariekin. Eitbko kamerak bertan egongo dira ligaren berri emateko.
Arratsaldean, tute txapelketak hartuko dio erreleboa. Lurte taldeak, zelta estiloko musikarekin, arratsaldea alaituko dute eta Versionariosen berbenak emango dio amaiera Sallabenteko jaiei.
Festetako egitarau osoa lotura honetan ikus dezakezue.
Larunbatean Gazte Eguna
Larunbat honetan, uztailaren 9an, laugarren urtez ospatuko da Ermuko Gazte Eguna, “Hankaz gora jarri herria!” lelopean. Ermuko Gazte Asanbladak antolatuta, egun osoan zehar ekitaldiak izango dira herrian.
Goizeko 11:00etan hasiko da festa, joko ezberdinekin. Nagusientzat, aldiz, ordu horretatik aurrera txosna zabalduko dute eguna berotzen hasteko. 14:00etan partaidei arrera egingo zaie eta talde argazki bat aterako da. Horren ostean, herri bazkaria hasiko da Orbe Kardinalaren plazan.
Arratsaldean musikaz gozatzeko aukera izando dugu; 17:00etan gazte olinpiadak hasiko dira eta DJ Olaldek girotuko ditu. Ordu bete geroago, “Herri bat, gaztetxe bat!” aldarrikatuz, manifestazio egingo da herriko kaleetatik Sakatu elektrotxarangarekin batera.
Kontzertuak izango dira eguneko ekitaldi nagusiak. Gaueko 22:00etatik aurrera, Patxadaz Taldea, Nebula Selektah, Sarkor Taldea eta K.O. Etíliko taldeak musikaz beteko dute herriko plaza.
Lotutako albisteak

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du

Beatriz Gamizek aurkezpenean tokiko kolektiboen inplikazioa azpimarratu du eta bizikidetza, askatasuna eta errespetua eskatu ditu jai inklusibo eta seguruez gozatzeko

Ekainaren 27 eta 28ko ostiral eta larunbatean ospatuko da, Martxoak 8ko plazan eta Betiondon