Urko mendira 69 minututan igotzeko gai ote zara?

13.07.16
Kultura eta Gazteria

Ermuko Artarrai Mendi Taldeak Urko mendira igoera kontrolatua antolatu du larunbat honetarako, uztailak 16. Ekintza honen zortzigarren edizioa Santixau jaietako programaren barne dago, eta azken urteetan ehun mendizalek baino gehiagok hartu dute parte.

Proba oso ezaguna da Ermuan, eta gaztetxoek nahiz helduek parte hartzen dute bertan. Konpainiaz eta bistez gozatzeko eta ongi pasatzeko ekimena da; horrela, plazera adierazten duen 69 zenbakiari keinua eginez, Urko puntara 69 minututan igotzea da probaren helburua. Parte-hartzaile bakoitzak jarraituko duen ibilbidea hautatzeko aukera izango du.

Horrela esanda erraza dirudi, gailurrera iristeko denbora nahikoa baita. Non dago, bada, zailtasuna? Ba parte-hartzaileek ezingo dutela ez erlojurik, ez telefonorik, ez denbora neurtzeko bestelako aparaturik eraman soinean. Jendeari galdetzea edota argazki kameran begiratzea ere debekatuta egongo dira. Probaren irabazlea Urko puntara 69 minututan igotzen dena izango da, edota denbora horren gainetik gertuen iristen dena. 69 minutu baino gutxiagoan igotzen diren parte-hartzaileak ez dira kontuan hartuko. Horrela, helburua ez da ahalik eta azkarren igotzea, denbora neurtzea eta bideaz gozatzea baizik.

Izen-ematea larunbatean bertan izango da, 10:00etan Patxi plazan, eta euro bat ordaindu beharko da. Irteera ere toki beretik egingo da, eta parte-hartzaile guztiak batera abiatuko dira.

Lasterketan zehar nahi adina geldialdi egin daitezke, baina behin lasterketako kontrol bakarra gaindituta, gailurretik 20 metrora kokatuko dena, ezingo da gelditu. Pertsona bakoitzaren ibilbidea desberdina izan daitekeen arren, parte-hartzaile guztiek puntu horretatik igaro beharko dute. Gailurrera iristean, banan-banan hura ukitu eta izen-emate txartela entregatu beharko dute.

Irabazleak izen-ematean bildutako dirua jasoko du sari gisa, mendian goiz eder bat pasatzeaz gain.

Probaren inguruko xehetasun guztiak kontsultatu daitezke esteka honetan. Informazio gehiago behar izanez gero, ikus ezazu Artarrai Mendi Taldearen bloga.

Lotutako albisteak

Imagen
29.04.25
Antzokiak maiatzeko programazioari ekingo, zineari irailera arte agur esango dioen hilabetea

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu
Imagen
24.04.25
Pintura Eskolako ikasleen sormena eta lanak ikusgai izango Lobianon

Ikasturteko lanen erakusketa hartuko apirilaren 28tik maiatzaren 9ra bitartean
Imagen
15.04.25
"Lee Miller" eta "Una ballena", Ermua Antzokiko zine egitarauan

"Secretos de un crimen" eta "Kaixo Frida" filmek osatzen dute asteko programazioa