Festak aurrera jarraitzen du Umeen Egunaren atarian
2016ko Santixauetako egun handietarako prestatzen ari da jada Ermua. Bero itogarriari aurre eginez, herriko gaztetxoek indarrak neurtu zituzten atzo sokatiran eta kuboen proban txarangen arteko azkeneko jokoetan. Ostiraleko playbackarekin bukatuko da lehiaketa.
Gaur, asteazkena, eguna lasaiagoa izango da, baina ez da ekintzarik gabe igaroko. Pasatu den ostegunean, uztailak 14, lehenengo Selfie Lehiaketa jarri zuen abian Ermuko Tratu Onen Aldeko Plataformak, eta gaur ezagutuko dira saridunak. Lehenengo sailkatuak herriko establezimendu batean bazkari edo afari baten truke aldatzeko 60 euroko txartela, diploma eta kultur/hezkuntzako materialak erosteko 60 euroko txartela jasoko ditu. Bigarrenak, aldiz, aipatutako lehenengo bi sariak eskuratuko ditu. Sari banaketa 19:00etan izango da Orbe Kardinala plazan, eta jarraian dantza erakustaldia ospatuko da.
Bestalde, Txaranga Batzordeak ogitartekada herrikoia antolatu du 21:00etan plazan, eta salneurri berezi baten truke ogitartekoak eta edariak erosteko aukera izango da. Gainera, festa giroan jarraitzeko, 22:30etik aurrera txarangen abesti lehiaketa ospatuko da bertan. Irulitxa txarangak ere parte hartuko du, lehiaketatik kanpo izanda ere.
Bihar, umeen eguna
Etxeko txikienek euren egun handiaz gozatzeko aukera izango dute bihar, osteguna. Festa 10:30ean hasiko da Orbe Kardinala plazan buruhandien eskutik, eta jarraian haurrentzako parkea eta tailerrak zabalduko dira bertan. 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita, eta Txaranga Batzordeak azaldu duenez, euria eginez gero, Aritzmendi frontoian izango da festa.
Neskato-mutikoek askaririk gabe gelditzeko aitzakiarik ere ez dute izango, 17:00etatik aurrera txokolatada egingo baita. 19:00etan, aldiz, antzerkia izango da nagusi plazan, Txaloka taldearen “Buala” ikuskizunaren eskutik. Aspertzeko astirik gabe, 20:30ean apar festa ospatuko da, eta egunari amaiera emateko, Bakelite bikote bizkaitarrak folk-blues kontzertua eskainiko du 22:30ean Martxoak 8 plazan.
Bestalde, bihar 18:00etan hasiko da Skorpio F.S.k antolatutako Futbito Txapelketa. Udal kiroldegian izango dira lehenengo norgehiagokak, eta finalak larunbatean, uztailak 23, jokatuko dira leku berean.
Jarraian 2015eko Umeen Eguneko argazki galeria ikusi dezakezue.
Lotutako albisteak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu