Esne Beltzak jai giroa ekarriko du Ermura txupinazoa bota aurretik

21.07.16
Kultura eta Gazteria

Ordu gutxi gelditzen dira ofizialki 2016ko Santixauei ekiteko. Uztailaren 24an jaurtiko da herriko jaien hasiera iragartzen duen txupinazoa, baina ermuarrak ez dira igande arratsaldeko zazpiak arte festan murgiltzeko zain egongo. Izan ere, jaien aurkezpenaren aurretik herria girotzeko, zer hobe Esne Beltzaren kontzertu bat baino?

Euskal taldeak larunbat honetan, uztailak 23, San Pelaio plazan eskainiko du kontzertua 23:30etik aurrera. Xabi Solano abeslari eta trikitilaria buru duen taldeak ska, hip hopa, reggaea eta trikitixa uztartzen dituen proposamen ausart eta originala aurkeztuko du Ermuan. Gainera, “Esna2” izeneko disko berriarekin datoz gipuzkoarrak, iaz kaleratutako “Esna” lanaren jarraipena, hain zuzen.

Esne Beltza osatzen duten ia dozena musikariak San Pelaioko eszenatokian izango ditugu orain arte argitaratu dituzten sei estudioko diskoetako abestiak jotzen. Taldearen bereizgarria da, gainera, hizkuntzak uztartzeko duen gaitasuna: euskaraz, gazteleraz, ingelesez nahiz portugesez abesten dute.

Taldearen izena paradoxa batetik dator: abeslari zuriek musika beltza interpretatzetik, alegia. Musikaren aldetik, Fermin Muguruzaren “semeak” dira, baina argi utzi dute nortasun propioa dutela. Zalantzarik gabe, Ermura festa ekarriko dute gipuzkoarrek.

Jarraian taldearen abestirik ezagunenetako bat uzten dizuegu, 2011ko “Freedom 3 kolpetan” diskoaren barne kaleratutako “Euskaraz bizi nahi dut”.

Lotutako albisteak

Imagen
04.07.25
Bizkaia Gazteak Durangaldea jarduerak gazteriarekiko konpromisoari eutsiko dio

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du
Imagen
27.06.25
Santixauak 2025: ia ehun jarduerako egitarau anitza eta parte-hartzailea

Beatriz Gamizek aurkezpenean tokiko kolektiboen inplikazioa azpimarratu du eta bizikidetza, askatasuna eta errespetua eskatu ditu jai inklusibo eta seguruez gozatzeko
Imagen
26.06.25
Elektrojaia taldea XVII. edizioari ekiteko irrikaz

Ekainaren 27 eta 28ko ostiral eta larunbatean ospatuko da, Martxoak 8ko plazan eta Betiondon