Santixauetan ere, EZETZ beti da EZETZ

22.07.16
Berdintasuna

Ermuar guztiok eraso sexistarik gabeko herri batean bizi nahi dugu, emakumeek beldurrik ez duten eta jendeak ongi pasatzen duen herri batean: baita Santixauetan ere. Ermuko Udalak tratu onen aldeko herria bultzatu nahi du, eta ez du eraso bakar bat ere onartuko.

Zentzu horretan, Ermuko Berdintasun Sailak 1.500 pegatina sortu eta banatuko ditu “Santixauetan ere, ez ezetza da, Eraso matxistarik ez!” leloarekin. Aipatutako pegatinak gaur bertan jaso daitezke Emakumeen Topalekuan, Abiapuntun edota Lobiano Kulturgunean. Gainera, koadrilen artean ere banatuko dira jaietako ekitaldietan.

Emakumeek ez dute zertan inoren kontrolpean egon, edo taberna eta jai guneetan jendetzak aprobetxatuta gogoz kontrako ukituak jasan; ezta nahi ez duten zerbait egitera behartuak izan ere. Jarrera horiek guztiak askatasunaren aurkako erasoak dira, batzuk oso larriak, gainera. Pertsona batek ezetz esaten badu, ezin da “agian bai” gisa interpretatu. Ez, ezetz da, eta kito.

Oso garrantzitsua da pertsona guztiok eraso horiek baztertzeko erantzun bateratua ematea, eta argi uztea Santixauetan ere ez ezetz dela.

Gogorarazi nahi dugu, halaber, eraso sexista edota sexualen kasuan, badirela deitu beharreko telefono zenbaki batzuk: batetik, larrialdietako 112 zenbaki ezaguna; bestetik, Ermuko Udaltzaingoaren telefonoa (943 17 63 00) eta, azkenik, Eibarko Ertzaintzaren telefonoa (943 53 17 00, etengabeko zerbitzua 24 ordutan). Laguntza behar duen edo erasoren bat ikusi duen edonork deitu eta salatu dezake.

Ermuko Udalak indarkeria matxistaren aurkako konpromiso irmoa du, eta Berdintasun Alorrak urte osoan zehar ekintzak antolatzen ditu horri aurre egiteko: autodefentsa feministako tailerrak, ikastaroak, Beldur Barik programa eta lehiaketa… Gainera, edozein motatako erasoak jasaten dituzten pertsonak artatzeko protokoloa ere badago, eta martxan izango da jaietan. Arreta bereziarekin zainduko dira jai guneetan gerta daitezkeen erasoak, zoritxarrez, gune horietan areagotu egiten baitira jokaera matxistak.

Lotutako albisteak

Imagen
23.01.26
Jabekuntza Eskolaren denboraldi berri aurkeztu du Berdintasun alorrak

Jarduera guztietan izena eman behar da, Emakumearen Topagunean edo bertako 943171030 telefonoan
Imagen
05.01.26
Berdintasun Sailak 2026ko martxoaren 8rako kartel lehiaketa deitu du

Aurten lanak formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira, otsailaren 6ko 14:30etara bitartean
Imagen
18.12.25
Udal instalazioen Gabonetako jai-egunak eta ordutegi bereziak

Jai-egunetan itxita egongo eta ordutegiak egokituko dituzte, bihar guztiek 12:00etan itxiko