Erregistratu ezazu zure etxebizitza eta gozatu oporrak lasaitasun osoz

03.08.16
Hiritarren Segurtasuna

Abuztua, oporrak eta aisialdia eskutik etorri ohi dira sarritan Ermuko hiritar asko eta askorentzat, eta euren ohiko etxebizitzak utzi eta atseden-leku berriak topatzen dituzte hainbatek. Kanpoan dauden bitartean euren etxeetan zerbait gertatuz gero, segurtasuna bermatu ahal izateko, Udaltzaingoaren etxebizitza hutsen erregistroan izena eman dezakete ermuarrek. Erregistro horri esker, Poliziak interesa duten pertsonen datuak eta harremanetan jartzeko moduak biltzen ditu, euren etxeetan edozer gertatuta ere, kontaktuan jarri ahal izateko.

Urte osoan zehar etenik gabe izaten da martxan erregistroa, baina uda garaian erabiltzen da gehien. Aurten, jada 106 pertsonak eman dute izena zerbitzu horretan, eta larrialdiren bat gertatzen bada, Udaltzaingoak eskura ditu harremanetarako datuak. Momentuz, iaz baino lau pertsona gehiago daude erregistroan.

Zerbitzuaren helburua hutsik dauden etxebizitzetan larrialdirik gertatuz gero –ur-ihesak, zirkuitulaburrak, gasarekin arazoak, etab.- jabeekin lehenbailehen kontaktatzeko modua edukitzea da.

Udaltzaingoak ez ditu inolaz ere etxebizitzetako giltzak jasoko. Giltzak dituen senide edo lagunen kontaktuak eskatuko ditu erregistroan, eta haien bidez sartuko dira etxeetara hala behar izanez gero, ahalik eta kalte gutxienak izan daitezen.

Poliziak adierazi duenez, urterik urte zerbitzua gero eta gutxiago erabiltzen da, ia guztiok eskuko telefono bana dugulako eta gaur egun edonorekin kontaktuan jartzea are errazagoa delako, oso urrunik egonda ere. Dena dela, erregistro horretan izena ematea gomendatzen da, ezustekorik izanez gero Udaltzaingoak azkarrago parte hartu ahal izan dezan, modu azkar eta eraginkorrean jardunez.

Ur-ihesak edo zirkuitulaburrak izaten dira larrialdirik ohikoenak, baina noizean behin lapurretak ere gertatzen dira. Horiei aurre egiteko, garrantzitsua da inora oporretan goazela ez larregi esatea edo lau haizeetara ez zabaltzea, konfiantzazko pertsonen artean besterik ez. Horretaz gain, postontzia betetzen ez uztea, pertsianak guztiz ez ixtea eta gasaren nahiz uraren giltza orokorra moztea komenigarria da.

Argibide gehiagorako edo erregistroan izena emateko, jarri zaitez Hiritarren Segurtasun alorrarekin harremanetan Abiapuntura joanez, 943 17 63 00 telefono zenbakira deituz edota udaltzaingoa@udalermua.net posta elektronikoko ontzira idatzita.

Lotutako albisteak

Imagen
14.11.25
Hainbat ibilgailutan kalteak eragin dituen ustezko egilea identifikatu eta inputatu egin du Udaltzaingoak

Kalteturiko 7 ibilgailuen jabeen salaketak jaso ditu eta gehiago izan daitezkeela ez du baztertzen
Imagen
09.10.25
Foru Aldundiak saneatu eta asfaltatu egingo du Zubiaurreko goialdea

Astelehenean hasiko dira obrak "Irudi" zaharretik "Frankfurt" tabernaren bidegurutzeraino doan tartean
Imagen
Errotabarriko espaloia Gipuzkoa Etorbidean | Acera de Errotabarri en la Avenida Gipuzkoa
29.07.25
Errotabarriko espaloian aparkatzea debekatuta abuztuaren 14tik aurrera

Espazioa berrantolatuko da oinezkoen segurtasuna bermatzeko eta herri irisgarri eta atseginago bat eraikitzeko