Erabilera handiko lehen hiruhilekoa bete du Izarra Centreko Teknotekak
Hiru hilabete betetzear da Izarra Centreko Teknoteka, eta orain arte utzi duen balantzea oso positiboa da. 236 pertsonak eman dute izena udal liburutegian urteko 365 egunetan, 24 orduz instalazioetara sartzeko baimena ematen duen txartela lortu ahal izateko.
Hautaprobekin eta unibertsitateko azterketa garaiarekin batera egokitu denez, maiatzean zabaldu zenetik uztailaren amaierara arte erabiltzaile asko eta asko jaso ditu Teknotekak; baita asteburutan ere. Guztira 242 pertsonak erregistratu dute sarrera Teknotekan. Batez besteko adina 21 urtekoa da -erabiltzailerik nagusienak 59 urte ditu, eta gazteenak, aldiz, 16-, eta ohikoa den moduan, erabiltzaile gehienak ermuarrak dira; dena dela, Bilboko, Eibarko, Mallabiko eta Bergarako pertsonek ere erabili dute Teknoteka. Datu horiez gain, kontuan izan behar da taldeka sartzean, nahikoa dela sarreran pertsona batek fitxatzea. Beraz, 242 erabiltzaile erregistratu arren, benetako erabiltzaile kopurua altuagoa izan daiteke.
Erabiltzaileek instalazioei emandako erabilera egokia azpimarratu nahi izan dute Izarra Fundaziotik. Kasu jakinen batean Teknotekara sartzeko txartela kendu behar izan dutela azaldu dute “erabilera okerra” eman izanagatik, baina “aparteko kasua” baino ez dela izan zehaztu dute. Orokorrean, beraz, lanerako espazioek espero bezalaxe funtzionatu dute erabiltzaileen jarrerari eta Izarra eraikinak bermatzen duen segurtasunari esker.
16 urtetik gorako pertsonentzat ikasteko leku bat eskaintzea da lan eta ikerketa gune horren helburua. Bertan bakarka nahiz taldeka egin ahal dituzte lanak. Ezagutza partekatzea ahalbidetzen duen lekua izatea nahi da, gazteak lan eta enpresa girora hurbiltzeko eta ekintzailetzari mesede egiteko.
Zer da Teknoteka?
Izarra Centre eraikinaren lehen –co-working edo elkarlanean jarduteko eremua- eta bigarren solairuetan -60 eta 40 metroko bi atal- banatuta dago Teknoteka. Erabiltzaileek egun osoan erabili ahal dute urteko hirurehun eta hirurogeita bost egunetan, eta bi eremu ezberdin ditu, ikasteko edota ikerketa lanetarako. Internet dago, wifi bitartez nahiz zuntz optikorako hartuneaz. Esku ordenagailuak eta inprimagailu bat ere badituzte erabiltzaileek euren eskura.
Teknoteka erabili ahal izateko ezinbestekoa da 16 urte edo gehiago izatea eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkidea izatea. Baldintzak betez gero, Ermuko udal liburutegian instalaziora sartu ahal izateko txartela eskatu behar da. Aipatu txartelarekin, elektronikoki bermatzen da sarbidea, eta sisteman erregistratuta gelditzen da. Txartela eskatu eta 48 ordura luzatzen da, elektronikoki programa eta kodetu eta gero.
Adinez txikiak diren erabiltzaileek guraso edo tutoreak sinaturiko baimena aurkeztu beharko dute.
Erabilera arauak
Izarra Centre eraikinak zaintza-kamerak, sarbide kontrol sistema eta zaintza zerbitzua ditu eguneko 24 orduetan. Teknoteka behar bezala erabiltzen dela bermatu ahal izateko, instalazioak erabilera arauak zehaztu ditu. Araudia hemen kontsultatu daiteke.
Lotutako albisteak

Gai horiek jorratuko dira ekainaren 11 eta 12ko Ermua TalenTIC 2025 jardunaldietan, Izarra Centre-n

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena