Oporretara zoaz? Ez ahaztu kamera, zure argazkiekin sariak lortu ditzakezu

12.08.16
Kultura eta Gazteria

Ermuko Udaleko Kultura Sailak beste behin antolatu du oporretako argazki lehiaketa. Txapelketak 800 euro banatuko ditu aurtengo edizioan ere, eta bi kategoria desberdin egongo dira.

Adinez nagusiak den eta Euskal Herrian bizi den edozein pertsonak parte hartu dezake Ermuko lehiaketan, eta munduan zehar eginiko edozein bidaiatan ateratako argazkiak aurkeztu daitezke bertara. Esan bezala, lanak bi modalitatetan banatuko dira: batetik, kamera digital edo analogikoarekin ateratako argazkiak, eta bestetik, telefono mugikorrarekin ateratakoak. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru lan aurkeztu ahal izango ditu, eta originalak, argitaratu gabeak eta bestelako lehiaketetan saritu gabeak izan behar dute. Gainera, ezingo dira inolaz ere argazkiak zuzendu edota ukitu.

Argazkiak gutxienez 18x24 eta gehienez 24x30 zentimetroko neurrian aurkeztuko dira, 40x50 zentimetroko kartoi mehe batean itsatsita. Lanak jada entregatu daitezke Lobiano Kultur Gunean, bai eskura, baita postaz bidalita ere. Behar bezala bilduta egon beharko dute, kanpoaldean ‘Argazki lehiaketa – 2016ko oporrak’ esaldia idatzita dutela. Argazki bakoitzaren atzealdean izenburua eta egilearen goitizena agertuko dira, eta aparteko gutunazal itxi batean, egilearen NANa eta argazkiaren izena, lekua eta data.

Sariak eta erakusketa

Argazkiak aurkezteko epea urriaren 6an amaitzen da, osteguna, 14:00etan, eta saridunak urriaren 13an emango dira ezagutzera. Guztira bi sari banatuko dira: 500 euroko saria kategoria orokorrean, eta 300 eurokoa mugikorrekin ateratako argazkien modalitatean. Pertsonako sari bakarra eskuratuko da gehienez ere, ez baitira bateragarriak.

Behin sariak banatuta, parte hartu duten argazki guztiak Lobiano Kultur Guneko Erakusketa Aretoan egongo dira ikusgai azaroaren 28tik abenduaren 13ra. Saritutako irudiak Ermuko Udalaren esku geldituko dira, eta gainontzekoak erakusketa itxi eta 30 egunen barruan itzuliko dira.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Ermua Antzokiak aurtengo lau estreinaldi eskainiko ditu

Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Imagen
01.12.25
Ermua Antzokiak eta Lobianok 19 ikuskizun eskainiko dituzte datorren urtarriletik maiatzera bitartean

Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
Imagen
28.11.25
Gaztegunera sartu ahal izateko, eman izena

Egoitza elektronikoaren bidez, Abiapuntu bulegoan edo Liburutegian