Euskarazko ekimenez beteta datorkigu iraila

30.08.16
Euskara

Abuztua azken txanpan dugu jada, eta egunerokotasuna itzulita edo itzultzear gauden honetan, Ermuko Udaleko Euskara Sailak irailerako ekintzen agenda aurkeztu berri du. Hilero bezala, euskara ardatz duten hainbat ekimen ospatuko dira gure herrian, eta saileko agenda ekitaldi horiek guztiak batzeaz arduratzen da.

Hilabetea erritmo onean hasteko, larunbat honetan, irailak 3, Kurixe taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu 19:30etik aurrera Motorzaleen II. Kontzentrazioaren barne. Etxebarriko talde honek indie rocka eta popa uztartzen ditu, eta euskaraz nahiz gazteleraz abesten dute.

Datorren astea ere kultur ekitaldiz betea dator; batetik, Folkez Blai lehiaketaren XI. edizioa ospatuko da, eta besteak beste, Ordago Folk talde arabarraren emanaldia ikusteko aukera izango dugu irailaren 9tik aurrera, ostirala. Bestalde, hilaren 11n, igandea, etxeko txikienek ‘Tximinoen erresuma’ filmaz gozatzeko aukera izango dute 17:00etatik aurrera Ermua Antzokian.

Euskarazko ikastaro berriak

Eskolara itzuleraren sinonimo izan ohi da iraila, eta horren harira, bai Udal Euskaltegiak, baita Kaltxangok ere, euren ikastaroetarako matrikulazio epea zabalduko dute ostegunean, irailak 1. Gainera, Udalak diru-laguntzak eskainiko ditu euskara ikasi nahi duten pertsona guztientzat. Eskaerak urriaren 22ra arte aurkeztu daitezke Abiapuntun, eta informazio gehiago lor daiteke euskara@udalermua.net helbidera idatzita.

Bestalde, aurten Juanita Ibaibarriaga literatur lehiaketaren XXIII. edizioa ospatuko da. Azaroaren 3a arte, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailako eta DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek euren lanak aurkeztu ahal izango dituzte. Lehiaketaren oinarriak eta informazio guztia esteka honetan topatu daitezke.

Lotutako albisteak

Imagen
12.11.25
Olaia Inziartek bere bigarren diskoa aurkeztuko du Ermua Antzokian

‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Imagen
05.11.25
Dena prest XXXV. San Martin azokarako

Aurtengoa animaliarik gabeko edizioa izango da
Imagen
03.11.25
Gabon Negulekuetarako izen-emateak asteazkenean zabalduko dira

Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko