Bi gurpilen gainean izango gara asteburuan Ermuan
Ermuko eta inguruetako motorzale guztiek badute plana asteburu honetarako. ¿Te Gusta La Ruta? Ermua elkarteak kontzentrazioa antolatu du bigarren urtez jarraian, gure herrian motorrak, gastronomia eta dibertsioa uztartuko dituena.
Larunbat honetan, irailak 3, Orbe Kardinala plaza motorzaleen festaren erdigunea izango da. 15:00etan hasiko da martxa, 15:45etatik aurrera egingo den ordu eta erdiko motor ibilbiderako izen-emateekin. Parte hartu nahi dutenek zortzi euro ordaindu beharko dituzte, eta horren truke, pintxo bat emango zaie Areitio gainean egingo den geldialdian –bertan taldeko argazkia aterako da–. Gainera, 20:00etan egingo den afari parrilladara joan ahalko dute, opari bat jasoko dute eta gauean zozketatuko diren beste hainbat produktu lortzeko txartel bat izango dute. Ibilbidea egiteko izena ematen duten lehen 100 pertsonei ¿Te Gusta La Ruta? elkarteko ‘buff’ bat oparituko zaie.
Eguneko protagonistak motorrak izango diren arren, antolatzaileek hiritar guztientzako festa prestatu nahi izan dute. Horrela, behin motor ibilbidea amaituta, 17:30etatik aurrera jolasak egingo dira plazan. Bertan etxeko txikienek ere parte hartzeko aukera izango dute, makalen eta uztaidun saltxitxen jokoetan, besteak beste. Parte-hartzaile guztiek opariak jasoko dituzte, eta jostailuzko moto bat lortzeko parada ere izango dute.
Jolasen ostean, 18:30ean, Ermuko Trialsin Group klubeko kideek trial erakustaldia eskainiko dute, eta ordubete geroago, Kurixe indie rock taldearen kontzertuaz gozatu ahalko da.
¿Te Gusta La Ruta? elkartearen festa 22:00etan amaituko da, parrilladaren eta oparien zozketaren ostean. Baina antolatzaileek azaldu dutenez, ordu horretatik aurrera ere, herriko ostalariek hainbat ekintza prestatuko dituzte euren tabernetan.
Azpimarratzekoa da egun osoan zehar Orbe Kardinala plazan postu ezberdinak egongo direla, motoen, tatuajeen eta piercingen ingurukoak, batez ere. Marcan Huella elkarteak ere bere postua izango du, eta etxeko txikienek puzgarriez gozatzeko aukera izango dute.
Ermuko Udalaren, Marcan Huella elkartearen eta Ermuko eta Eibarko hainbat merkatariren babesa du ekimenak. Azken horiek, diru-laguntzaz gain, zozketatu ahal izateko produktuak eskaini dituzte.
Lerro hauen azpian ikusi dezakezue II. Motorzaleen Kontzentrazioko kartela, informazio guztia batzen duena, baita antolatzaileek ekimena ezagutara emateko egin duten bideoa ere.
Lotutako albisteak

'Udabarria bertsotan' Lobianon ikusgai izango, osteguneko 18:30etatik hasita. Sei bertsolari arituko

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne