Liburutegiko zerbitzuen berrantolaketa irailaren 1etik aurrera

01.09.16
Udal Liburutegia

Ermuko udal liburutegiak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak hobetzeko etengabeko hausnarketa du ezaugarri. Zerbitzu publiko honek denboran zehar bere erabileran jasaten dituen joera aldaketei aurre egiteko beharrezkoa da gogoeta, eta etengabeko egokitze horrek Ermuko liburutegi zerbitzua erreferente bihurtu du, baita Euskal Autonomia Erkidegotik at ere.

Testuinguru horretan, azken urte honetan burutu diren aldaketa eta hobekuntzak ulertu behar dira. Nabarmenetako bat urteko lehen hiruhilekoan egin den sare informatikoko kable-sare osoaren berriztapen sakona da. Liburutegira euren gailu informatikoekin joaten diren pertsona guztiei zerbitzua eman ahal izateko, ordenagailu pertsonaletarako zuntz optikoaren bidezko konexio-puntu gehiago jarri dira.

Beste hobekuntzetako bat zera da, mintzapraktika taldeak eta irakurketa klubak hizkuntza ezberdinetan eta adin tarte ezberdinetarako eskatzen dituzten biztanleen behar zehatzei eman zaien erantzuna eta arreta pertsonalizatua.

Honelako aldaketa gehiago izango dira datozen hilabeteetan, aldatze eta hobetze-prozesu horri jarraipena emateko.

Zerbitzuen lekualdaketa

Irailaren 1etik aurrera, orain arte liburutegian burutzen ziren ekimenetako batzuk beste espazio batzuetan buruko dira asteburuetan. Egunkarien irakurketa, esaterako, Erdikokaleko Jubilatuen Egoitzako liburutegian egingo da.

Ikasleek behar zehatzak dituen erabiltzaile talde bat osatzen dute. Banakako ikasgela izateko ohizko eskariari beste behar bat gehitzen zaio orain, ikasketen berezko bilakaeraren ondorioz: taldeka ikasi ahal izateko edo teknologia berriak erabili ahal izateko zerbitzuak, ordutegi malguagoarekin eta liburutegiko langileen arreta behar ez dutenak. Izarra Centerren inauguratu den Tecnoteka espazioak ematen die erantzuna eskaera horiei; bertan, gainera, ikasleek ikasketen ondorengo garaian espezializatutako zerbitzuak topatuko dituzte. Hortaz, ikasketa-zerbitzua gaueko ordutegian eta asteburuetan Tecnotekara eramango da, eta egunean 24 orduz eta 365 egunez irekita egongo da.

Aldaketa guzti horiei esker, asteburutan eta gehienbat larunbatetan, biztanle-sektore zehatzei zuzendutako programazio espezifikoa indartzeko eta aberasteko baliabideak erabilgarri geldituko dira.

Ekintza berriak guztientzat

Larunbatetan eskaini ohi diren ipuin-kontalari saioez edo haurrentzako “Bularretik Mintzora” irakurketa klubaz gain, irakurzaletasuna sustatzeko eta hedapen kulturaleko jarduera kopurua eta ekimen mota nabarmen gehituko dira. Haurrentzako, gazteentzako, helduentzako zein familientzako ekimenak antolatuko dira, euskaraz, gazteleraz, ingelesez nahiz frantsesez. Jarduera berri horietan guztietan izena emateko epea egun gutxi barru zabalduko da.

Horrela, urrian ekimen berri batzuek jarriko dira abian:

  • “Liburu Baby Kluba” 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera eleanitza (ingelesez, euskaraz eta gazteleraz), ludikoa eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira, eta saioen ardatza liburu bat izango da. Helburu nagusiak umeengan eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da, eta aldi berean, umeek hizkuntza ezberdinekin lehen harremana edukitzea.
  • “Leyendo y aprendiendo”, gazteleraz, 0 eta 4 urte bitarteko umeei zuzendutako jarduera da. Umeak heldu batekin egongo dira, eta guztiek literatura eta artearen mundu magikoa ezagutu ahal izango dute bertan.
  • Irakurketa klub digitala tabletekin 9 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzat. Irakurzaletasuna suspertzea, euskarazko haur literatura eta bere egileak ezagutzea eta teknologia berrien, irakurketaren eta kulturaren arteko harremana azaltzea dira helburuak.
  • “Counting with fingers” matematika tailerra 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilentzat zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da ingelesez. Helburu nagusia pentsamendu abstraktoak, matematikaren funtsa, zentzumenez bidez eta gure funtsa errealaren bidez lortu daitezkeela erakustea da. Gomiedroekin (gominolaz egindako poliedroak), mosaikoekin, kriptografiarekin, mapekin, eta abarrekin lan egingo da.
  • Idazketa sortzailearen gaineko tailerra, gazteleraz, 16 urtetik gorako pertsonei zuzendua. Bertan lengoaiaren alde ludiko eta askatzailea landuko da norberaren espresioa lortzeko bidean.

Gainera, haurrentzako ipuin-kontaketa kopurua gehituko da, eta saio musikatuak, antzeztuak eta ingelesezkoak antolatuko dira. Literatura topaketak ere antolatuko dira hainbat idazlerekin.

eLiburutegia zerbitzua indartzea

Honekin guztiarekin batera, udal liburutegiko talde teknikoak mailegu-prozedura aztertzen dihardu zerbitzu kontzeptu berriari egokitzeko. Ermuko udal liburutegiak etengabeko ordutegia dauka astelehenetik ostiralera goizeko 9:30etik arratsaldeko 20:30era. Horri esker, biztanleriak mailegu zerbitzua erabil ahal izateko ordutegi zabala dauka. Gainera, eLiburutegia plataformak liburu digitalen  deskarga ahalbidetzen du, eguneko 24 ordutan eta urteko 365 egunetan. Honela, liburutegiko bazkideek liburu digitalak irakur ditzakete ordenagailuan, tabletan edota smartphonean.

Irailetik aurrera, ostiral arratsaldetan, liburutegiko langileek eLiburutegia plataformari buruzko zalantzak argituko dituzte eta deskargekin arazoak dituzten pertsonei lagunduko diete. Izan ere, zerbitzuaren berregituratze-prozesu honetako aldaketa guztiek joera berriei eta biztanleriak irakurketaren eta kulturaren inguruan dauzkan beharrei egokitzea dute helburu.

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
Zubi-Ondo enpresaren dokumentazio historikoa gehitu eta eskaintzen du Bertako bildumak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du
Imagen
16.05.25
Ivan Repila idazleak amaiera emango dio irakurketa klubari, saio irekian

Asteazkenean, hilaren 21ean, 19:00etan, izango da Lobiano Kulturgunean
Imagen
14.05.25
'Las maravillosas olvidas' tituluko poesia erretaldia

Datorren larunbatean, 18:00etan, Martxoak 8 plazan. Euria eginez gero, elizako arkupeetan.