Folkez Blairi hasiera emateko orduak kontatzen
Astebete baino ez da falta jada aski ezaguna den Folkez Blai lehiaketa ermuarraren hamaikagarren edizioari ekiteko. Sei musika talde arituko dira sari handia lortzeko norgehiagokan irailaren 9tik 11rako asteburuan.
Lehiaketa honek bi helburu ditu: musika bere errotik bertatik sustatzea eta folk generoa lantzen duten musika elkarteen erakusleihoa izatea. Lehenengo fasean, lehiaketara aurkezten diren grabazioak jaso eta hautatzen dira, eta bigarrengoan, datorren asteburuan izango duguna, hain zuzen, sei finalistek euren lanak zuzenean aurkezten dituzte.
Aurtengo talde finalistak honakoak dira, programako ordenaren arabera sailkatuta:
- Bruma Sonora: talde madrildar sortu berri hau Iberiar Penintsulako melodien eta kantu herrikoien sakontasunean errotutako musikaz gozatu eta gozarazteko asmoarekin dator Ermura. Orbe Kardinala plazako eszenatokia estreinatuko dute ostiralean, irailak 9, 18:30etik aurrera.
- Ordago Folk: arabarrak euskal erroko musikagintzan aritzen dira batez ere, nahiz eta, ikusiko dugunez, txistua, dultzaina, txirula edo panderoa beste paraje batzuetako soinuetara ere aplikatzen duten. Musika propioa edota kantutegi zaharretatik moldatutakoa jotzen dute, ostiralean 19:45etik aurrera dantzatu eta entzuteko.
- El Gueto Con Botas: sevillar alai hauek folk musikaren melodia tradizionalak nahiz propioak ska, reggae eta drum&bass musikaren erritmoekin uztartzen dituzte. Bi unibertso horiek, biak konplexu-gabe nahastean, jaia eta erritmoa nagusitzen diren paisaia ozena dute emaitza, eta Ermua kolorez beteko dute larunbatean 18:30ean.
- Xaluq: Valentziako musika tradizionala berreskuratzea du helburu proiektu honek. Horrela, valentziar kulturak gordeta dituen kanturik zaharrenak aurkitu eta erakutsiko dizkigute, aurreko belaunaldien eguneroko jardunaren adierazle izan diren kantuak eta orain galtzear daudenak. Larunbatean 19:45etik aurrera ezagutu ditzakegu kantuok.
- Quodlibet: tradiziozko musika eta musika akademikoaren arteko konbinaketa artistikoa da, protagonista galiziar musikaren oinarrizko musika-tresna dela: gaita, osagarri eta adiskide aparta duen pianoarekin batera. Halaxe definitzen dute Andrea García eta Felipe Rea Pontevedrako bizilagunek gaita eta piano biko hau, konnotazio historiko eta artistikoz beterikoa. Ermuan igandean joko dute, 18:30ean.
- Brân: Salamancako talde honek zelta erroko musikan (Irlanda, Eskozia, Britainia, Erlaitz Kantauriarra…) oinarritzen du bere errepertorioa, gaur gaurko konponketak eginez. Gaita, whistle-a, biolina, gitarra, kontrabaxua eta perkusioak bat egiten dute, soinu zeltak adierazpen mailarik gorenera eramateko. Lehiaketari amaiera emango diote igandean, 19:45ean.
Lehiaketa irabazten duen taldeak 3.000 euroko saria jasoko du, eta bigarren sailkatuak, aldiz, 1.500 euro. Gainera, garaileek talde gonbidatu gisa joko dute Folkez Blai eta Getxofolk jaialdietako hurrengo edizioan.
Lehiaketatik kanpo, bost talde gonbidatu izango ditugu geure artean asteburu musikalari are eta kolore gehiago emateko. Foulareda gaita-jole talde herrikoiak emango dio hasiera jaialdiari Alboka musika eskolako trikitilariekin batera egingo duten trikigaita poteo animatuarekin. Ostiralean, hilak 9, Xabi Aburruzaga Band taldearen ikuskizuna izango dugu 23:30etik aurrera. Larunbatean, hitzordua bikoitza izango da; izan ere, lehenik Ermuko eta Eibarko Euskelga taldea izango dugu 21:00etan, eta jarraian, 23:30ean, Caceresko Los Niños de los Ojos Rojos igoko dira eszenatokira. Sekzio “ez ofiziala” amaitzeko, iaz garaile suertatu ziren Entre Orillas bartzelonarrak itzuliko dira Ermura, igandean 12:30ean.
Programa osoa esteka honetan edota jarraian uzten dizuegun kartelean kontsultatu daiteke.
Lotutako albisteak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu