Thrillerra eta komedia, eskutik asteburu honetan Ermua Antzokian
Ostegun honetan zine aste berri bat hasiko da Ermua Antzokian, denboraldiko lehen zineklub saioarekin batera. Iciar Bollain zuzendariaren “El Olivo” film espainiarrak emango dio hasiera ikasturte berriari ostegunean, irailak 8. Paul Lavertyk idatzitako drama honek Alma du protagonista. 20 urteko neska honek asko maite du bere aitona, urte asko hitz egin gabe daramatzan arren. Jateari uzten dionean, familiak gogoz kontra saldu zuen milaka urteko zuhaitza berreskuratzea erabakiko du Almak. “El Olivo” filmak boom ekonomikoaren, garapen amorratuaren eta azken urteetan bizi dugun krisiaren garaiko Espainia islatzen du. Asmo onez betetako pelikula erakargarria da, antzezpen onekin, eta familian, belaunaldien arteko harremanetan eta ondasun materialen eta sentimentalen arteko kontrastean sakontzen du. “El Olivo” ostegunean proiektatuko da 20:30etik aurrera.
Zine komertzialari dagokionez, programazioa larunbatean hasiko da, 19:30ean, “600 Millas” filmaren lehen proiekzioarekin. Gabriel Ripsteinek zuzendu eta Tim Rothek antzeztutako thriller erakargarri honetan Mexikoren eta AEBen arteko mugako indarkeria giroa islatzen da agoniaz eta tentsioz betetako istorio baten bitartez. Armen kontrabandoa, drogako kartelen mundua eta askotan garbia izaten ez den polizia indarren lana uztartzen dira pelikula honetan, eta horri guztiari esker, Berlingo zinema jaialdian ‘opera prima’ onenaren saria jaso zuen. Arnulfo armen kontrabandoan lehen urratsak ematen ari den gazte bat da; mugaren beste aldean, Hank polizia agente beteranoak haren pauso guztiak zaintzen ditu. Itxuraz txikia den ezbehar baten ondorioz, lotu egingo dira eta baten biziraupena bestearen esku geldituko da. “600 Millas” larunbatean 19:30ean, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean izango da ikusgai.
Asteburuko bigarren filma Jean Marie Poiré zuzendariaren “Los visitantes la lían” komedia frantses lotsagabea izango da. 1993. urtean estreinatu zen Jean Reno eta Christian Clavier protagonisten sagako lehen filma, eta 23 urte geroago, talde berberak Godofredo de Miramonte zaldunaren eta Delcojon laguntzailearen abenturen laugarren atala ekarri digu. Frantziako Iraultzaren garaian girotuta dago filma: Delcojonen ondorengoak Godofredoren oinordekoen gaztelua lortu dutela sinesten duten eta haiek gillotinara eraman nahi dituzten iraultzaileak dira. Komedia zirikatzailea, lotsagabea, sarkastikoa eta gaiztoa da “Los visitantes la lían”, eta helburu bakarra du: ikusleei edozein modutara irribarrea eragitea. Pelikula larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean emitituko da.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera “Tximinoen erresuma” animaziozko filma ikusteko aukera izango da. Giza eboluzioaren prozesuan, bada historian markatuta dagoen puntu bat: lehen hominidoa zutik ibiltzen hasi zen unea. Horixe da Edouard tximinoaren istorioa. Senideengandik desberdina da Edouard: ez dauka hainbeste ile eta gorputz-adarretako bat geldirik dauka. Bere bizkortasunari esker, baina, aurkikuntza harrigarriak egingo ditu. Pelikula dibertigarria eta didaktikoa da, akzioz eta eszena umoretsuz betea. “Tximinoen erresuma” euskaraz eskainiko da.
Hilero bezala, zine komertzialera eta independentera sartzeko hileko bonoa erosi daiteke. Iraileko bonoak 14,4 euroko prezioa du, eta Lobiano Kultur Gunean eta Antzokiko leihatiletan eskuratu daiteke.
Informazio gehiagorako, jo ezazu Ermua Antzokiaren mikrositera.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean