Hemen da Folkez Blai musika lehiaketaren hamaikagarren edizioa
Folk musikarik onena asteburu honetan Ermuan izango dugu Folkez Blai lehiaketaren eskutik. Txapelketaren hamaikagarren edizioko sekzio ofiziala ostiral honetan hasiko da, baina bihar, osteguna, jada musikaren hotsak beteko ditu herriko kaleak.
Fouraleda herriko gaita-jole taldeak eta Alboka musika eskolako trikitilariek emango diote hasiera jaiari, eta 19:00etatik aurrera, trikigaita poteo alaia eramango dute Ermuko kaleetara.
Lehiaketa ostiralean hasiko da, eta sei talde arituko dira norgehiagokan 3.000 euroko lehen saria lortu ahal izateko. Bigarren sailkatuak 1.500 euroko jasoko ditu, baina irabazleak soilik izango du Folkez Blai eta Getxofolk jaialdietako hurrengo edizioan gonbidatu gisa aritzeko aukera.
Honakoak dira Folkez Blai jaialdiaren hamaikagarren edizioan lehiatuko diren taldeak:
- Bruma Sonora: talde madrildar sortu berri hau Iberiar Penintsulako melodien eta kantu herrikoien sakontasunean errotutako musikaz gozatu eta gozarazteko asmoarekin dator Ermura. Orbe Kardinala plazako eszenatokia estreinatuko dute ostiralean 18:30etik aurrera.
- Ordago Folk: arabarrak euskal erroko musikagintzan aritzen dira batez ere, nahiz eta, ikusiko dugunez, txistua, dultzaina, txirula edo panderoa beste paraje batzuetako soinuetara ere aplikatzen duten. Musika propioa edota kantutegi zaharretatik moldatutakoa jotzen dute, ostiralean 19:45etik aurrera dantzatu eta entzuteko.
- El Gueto Con Botas: sevillar alai hauek folk musikaren melodia tradizionalak nahiz propioak ska, reggae eta drum&bass musikaren erritmoekin uztartzen dituzte. Bi unibertso horiek, biak konplexu-gabe nahastean, jaia eta erritmoa nagusitzen diren paisaia ozena dute emaitza, eta Ermua kolorez beteko dute larunbatean 18:30ean.
- Xaluq: Valentziako musika tradizionala berreskuratzea du helburu proiektu honek. Horrela, valentziar kulturak gordeta dituen kanturik zaharrenak aurkitu eta erakutsiko dizkigute, aurreko belaunaldien eguneroko jardunaren adierazle izan diren kantuak eta orain galtzear daudenak. Larunbatean 19:45etik aurrera ezagutu ditzakegu kantuok.
- Quodlibet: tradiziozko musika eta musika akademikoaren arteko konbinaketa artistikoa da, protagonista galiziar musikaren oinarrizko musika-tresna dela: gaita, osagarri eta adiskide aparta duen pianoarekin batera. Halaxe definitzen dute Andrea García eta Felipe Rea Pontevedrako bizilagunek gaita eta piano biko hau, konnotazio historiko eta artistikoz beterikoa. Ermuan igandean joko dute, 18:30ean.
- Brân: Salamancako talde honek zelta erroko musikan (Irlanda, Eskozia, Britainia, Erlaitz Kantauriarra…) oinarritzen du bere errepertorioa, gaur gaurko konponketak eginez. Gaita, whistle-a, biolina, gitarra, kontrabaxua eta perkusioak bat egiten dute, soinu zeltak adierazpen mailarik gorenera eramateko. Lehiaketari amaiera emango diote igandean, 19:45ean.
Lehiatuko diren taldeez gain, urtero bezala, gonbidatuak izango ditugu folk musikaren festa areagotzeko. Horrela, ostiralean Xabi Aburruzaga Band taldearen ikuskizuna izango dugu 23:30etik aurrera; larunbatean, Ermuko eta Eibarko Euskelga taldea izango dugu 21:00etan motorrak berotzen, eta jarraian, 23:30ean, Caceresko Los Niños de los Ojos Rojos igoko dira eszenatokira; azkenik, sekzio “ez ofiziala” amaitzeko, iaz garaile suertatu ziren Entre Orillas bartzelonarrak itzuliko dira Ermura, igandean 12:30ean.
Lehiaketa honek bi helburu ditu: musika bere errotik bertatik sustatzea eta folk generoa lantzen duten musika elkarteen erakusleihoa izatea. Parte-hartzaileen eta gonbidatuen ikuskizunez gain, Folkez Blai jaialdiak musika tresnen tailerrak eta jam sessionak eskainiko ditu asteburu osoan zehar.
Programa osoa esteka honetan edota jarraian uzten dizuegun kartelean kontsultatu daiteke.
Jaialdirako girotzen joateko, Los Niños de los Ojos Rojos Caceresko talde gonbidatuaren abesti bat uzten dizuegu. Gogoratu larunbat honetan arituko direla Ermuan, 23:30etik aurrera.
Lotutako albisteak

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu

Ikasturteko lanen erakusketa hartuko apirilaren 28tik maiatzaren 9ra bitartean