Betiondo kiroldegia, normaltasunera itzultzeko azken ukituak jasotzen
Itxura berritzaile eta ausartarekin, berriro ateak zabaltzeko prest da jada Betiondo kiroldegia, zenbait astez konponketa eta hobekuntza lanetan egon ostean. Azken ukitu batzuen faltan, herriko kirol taldeak bertan ari dira entrenatzen asteartetik, eta egun gutxiren bueltan guztiz erabilgarri egongo da.
Uxama Fachadas Singulares eta Foraster Arquitectos enpresak arduratu dira proiektuaz. Helburua duela bi urte Ermua astindu zuen denboraleak kaltetutako fatxadak konpontzea izan da. Hainbat asteren ostean, langileek jatorrizko beira-pabesezko fatxada konpondu dute, eta gainetik deployé edo lakatutako altzairu galbanizatu hedatuzko panelak kokatu dira eraikin osoan zehar. Horri esker, etorkizunean egon daitezkeen denboraleetatik babesteaz gain, eguzkiaren izpiak filtratu eta horietatik babestuko du eraikina.
Izan ere, fatxada kristalezkoa denez, “lupa” efektua eragiten zuen eguzkiak, kirolariak molestatuz eta pabilioi barruko tenperatura igoz. Orain, pabesaren gainean kokatu den metalezko mailari esker, argia iragazita pasatzen da eta, eguzkiaren aurrean filtro lana egiteaz gain, ura pasatzea eragozten du.
Alde praktikoaz gain, fatxada berriak estetika modernoa erakusten du, gaur egungoa, kolore berde, hori eta urdinekin. Proiektuaren arduradunek azaldu dutenez, diseinuaren helburua “inguruko koloreak islatzea” izan da: “berdea eta horia inguruko mendi eta basoak irudikatzeko, eta zeruaren urdina. Urrunetik pixelatuta egongo balitz bezala ikusten da, eta ingurunearekin hobeto integratzen den arren, arreta deitzen duen diseinua da”.
Orain eraikinaren bi aldetan Betiondo kartela kokatzea eta azken errematea ematea baino ez da falta, eta aste honetan zehar amaitzea espero da. Datorren astetik aurrera normaltasunera itzuliko da, eta herriko klubek eta ikastetxeek berriro instalazioak erabiltzeko aukera izango dute.
Lotutako albisteak
Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da