Ermua Mugi! programak ibilaldi osasungarriei berrekingo die, eta jarduera berri bat estreinatuko du
Gero eta ezagunagoa den ibilaldi nordikoa edo nordic walking diziplina gehitu berri da Ermua Mugi! proiektuaren ekintzen egutegira
Iraila iristearekin batera bizitzako hainbat arlotan ikasturte berri baten hasiera etorri ohi da. Ermua Mugi! ekimenak ere bere ohiko martxa hartuko du eta bihartik aurrera ibilaldi osasungarriei berrekingo die, iazko ekainean hasi zirenetik arrakasta handiz egin baitira.
Bihar, osteguna, herriko hiru zirkuitu inteligenteetan egiten diren paseoetako lehena burutuko da. Beti bezala, ekimena herritar guztiei zuzenduta dago, baina bereziki bakarrik bizi diren 50 urtetik gorako pertsonei eta dependentzia duten pertsonak zaintzen dituztenei. Helburuak ariketa fisikoa modu jarraituan egitea bultzatzea eta, kirolean oinarrituta, pertsonen arteko harremanak bultzatzea dira.
Ekimenaren ohiko martxari jarraiki, paseoak ostegunero egingo dira zazpi astez, bihartik hasi eta urriaren 27ra arte, alegia. 10:00etan emango zaie hasiera Zubiaurre kalean, eta egunean tokatzen den ibilbidea egin ostean, San Pelaio plazako kioskoan bilduko dira parte-hartzaileak, gosari osasungarriaz gozatzeko: fruta bat edo bi eta ur botila bat.
Bihar, irailak 15, Zubiaurre-Sallabente ibilbidea egingo dute parte-hartzaileek, 3.410 metro luzekoa, eta ordu eta erdi inguru iraungo du paseoak. Ekimena Ermua-Zaldibar Eguneko Ospitaleko langileek eta Jubilatuen Etxeko boluntarioek zainduko dute uneoro.
Nordic walking Ermuko erdigunean
Aurtengo denboraldiko berrikuntza gero eta ezagunagoa den ibilaldi nordikoa edo nordic walking diziplina praktikatzeko aukera izango da. Eskiatzeko erabiltzen diren antzeko bastoien laguntzaz ibiltzean datza ariketa horrek. Keinu horri esker, paseo arrunt batekin baino %20 energia gehiago erretzen da. Gainera, belaunetan eta artikulazioetan karga arintzen da, lepoan eta sorbaldetan tentsioa murrizten da eta irrist egitea ekiditen da.
Athlon enpresak dinamizatuko du ekimena, eta ostegunero egingo da 18:30etik 19:30era Orbe Kardinala plazan hasita. Egingo diren ibilbideak egunean bertan erabakiko dira eguraldiaren eta jende kopuruaren arabera, besteak beste. Lehenengo saioetan, ordea, ekintza era zuzenean egin ahal izateko teknikak irakatsiko zaizkie parte-hartzaileei. Jarduera doakoa da, ez da izena eman behar eta herritar guztientzat zabalik dago. Athlon enpresa arduratuko da ibilaldiak egiteko beharrezkoak diren bastoiak ekartzeaz. Antolatzaileek espero dute 12-20 pertsona biltzea nordic walking ekimenaren lehen edizio honetako saioetan.
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke