Jabekuntza Eskolak ikastaro berriak eskaintzen ditu
Kurtso hasierarekin bat, emakumeen Jabekuntza Eskolak kurtso berriak prestatu ditu eta helburu moduan, sistematizatutako tresna eta prozesuen bidez emakumeen jabekuntza sustatzea, elkarte edo taldetan antolatuta egon zein ez egon, kultura honetako eta beste batzuetako emakumeen partaidetza sozio-politikoa sendotzea dauka. Horretarako, hurrengo hiru hilabeteetan zehar, Ermuko Emakumeen Topalekuak hiru kurtso berri prestatu ditu.
Lehenengo tailerra ‘Zikloan bueltaka’ izenarekin, hile amaieran hasiko da, irailak 24. Tailerrean parte hartuko duten emakumeak, hilekoak fase emozionalean zelan eragiten dien ikasiko dute, eta etapa edo fase bakoitza dituen ezaugarriak ezagutuko dituzte. Miranda Gray idazlearen ‘Luna Roja’ liburua, orain arte ikasitakoa ahaztu eta ezagutza berriez jabetzeko erabiliko dute, bidaia fisiko, emozional, mental eta espirituala egiteko proposatzen du baita sorkuntza-bidaia bat ere. Emakumeak beraien gorputzekin adiskidetzeko ikastaroa izango da.
Tailer hori larunbatetan eskainiko da Ermuko Emakumeen Topalekuan, irailaren 24tik azaroaren 12ra bitartean. Goizeko 10.30etatik 13.30era arte izango da, eta 12 orduko iraupena izango du.
Bigarrena, ‘Barre egiten’ tailerra, urriaren 6an hasiko da. Ikastaroan parte hartuko duen bakoitzak daukan alde hoberenarekin, funts eta muinarekin konektatzen lagunduko die, eta beste pertsona batzuek dituzten gauzarik onenak aurkitzen eta ikasten saiatuko dira. Ikastaroa 10 ordukoa izango da eta urriko ostegun guztietan eskainiko da, 17etatik 19.30era arte.
Amaitzeko, nahi duten emakume guztiak ‘Berdintasunean urbanizatzen’ tailerrera hurbiltzeko aukera eskaintzen zaie. Kasu horretan, hirigintzaren lanbidean zehazten diren, eta gure eguneroko bizitzan zuzenean eragiten duten, aspektu ezberdinak aztertzen eta horien inguruan gogoeta egingo da. Halaber, ikusiko da, generoaren ikuspegia eta herritarren partaidetza kontutan izateak noraino laguntzen duen toki bateko herritar guztien beharrizanetara hobeto egokitzen diren guneak proposatzera.
Azken ikastaro hori azaroaren 2an eta 9an izango da. Lau orduko ikastaroa Ermuko Emakumeen Topalekuan emango da eta arratsaldeko 17etatik 19etara izango da.
Hiru ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago, eta kurtso bakoitzak 5 euroko prezioa du. Izena emateko edo zalantzak argitzeko, Ermuko Emakumeen Topalekura (Izelaieta kalea, 12) jo dezakezue, edo 943 17 10 30 telefono zenbakira deitu.
Lotutako albisteak
Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan