Woody Allen eta Steven Spielberg zuzendarien azken lanekin amaituko da iraileko zine programazioa
Iraileko azkenengo asteburuan sartzekoak gara jada, eta hil honetako azken filma izango ditugu ikusgai datozen egunetan, nahiz eta datorren ostegunean oraindik iraileko zineklub saioa izan. Hori horrela, hil honetan Ermuko zineklubean ikusi dezakegun azken aurreko filma Thomas Bidegain zuzendari frantziarraren “Mi hija, mi hermana” lana izango da. John Forden “Centauros del desierto” klasikoan libreki oinarritutako filma da. Countryaren zaletu batzuk Frantzia ekialdeko larre zabal batean bildu dira; Alain bere 16 urteko alaba Kellyrekin dantzan ari da, eta haren emaztea eta Kid seme gaztea begira dituzte. Egun berean, ordea, Kelly desagertu egingo da, eta Alain haren bila joango da leku ilun eta beldurgarrietara. Kiden laguntza baino ez du izango, eta amaiezina dirudien misio batean guztia emango dute. “Mi hija, mi hermana” film liluragarriak zine frantziarraren sarietarako lau izendapen lortu ditu, eta ostegun honetan 20:30etik aurrera izango dugu ikusteko aukera, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertzialari dagokionez, larunbatean hasiko da programazioa 19:30etik aurrera “Al final del túnel” thrillerraren lehen emanaldiarekin. Rodrigo Grandek zuzendutako filmak Leonardo Sbaraglia, Clara Lago eta Federico Luppi ditu protagonista. Joaquin gurpil-aulkiari eta bere ordenagailuari lotuta bizi da. Etxean garai hobeak bizitakoa da, eta bizilekuari alaitasun gehiago eman asmoz, logela bat alokairuan jarriko du. Gau batean, ordea, zarata baten ondorioz gauza harrigarri bat topatuko du. Akzioz, suspensez eta etengabeko aldaketez jositako film erakargarria da “Al final del túnel”. Larunbataz, gain, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere eskainiko da.
Asteburuko beste pelikula komertziala Woody Allen zinemagile ezagunaren “Cafe Society” lan berria izango da. 30. hamarkadako Estatu Batuetan girotuta dago filma, eta bertan Bobby Dorfmanen bizitza kontatzen da. Etxean gurasoekin eta anaia gangsterrarekin dituen arazoen aurrean, Hollywoodera joango da bizitzera, arrakastaren bila. Han maitasuna aurkituko du, edo agian aurkakoa. Maitasunaren irrazionaltasunaren inguruko analisi komikoa eta tristea da “Cafe Society”, eta aurrera egin ahala hazten doan filma da. Laurogei urtetik gora izan arren, Woody Allenek sasoi betean jarraitzen duela erakusten du pelikula honekin. Larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etatik aurrera asteburu honetako film indartsuenetako bat eskainiko da; Steven Spielberg zuzendari ezagunaren “Mi amigo el gigante”. Hollywoodeko izen ospetsuenetako baten azken lanaren atzean Roald Dahl idazlearen ipuin bat dago, egokitzapena baita. Etxeko txikienentzat magia hutsa da, laguntasunaren eta irudimenaren balioaren inguruko pelikula ederra.
Informazio gehiago behar izanez gero, jo Ermua Antzokiaren webgunera.
Lotutako albisteak
‘Led Silhouette’ eta M. Morauren lana, ostiral honetan 20:30ean
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu