Ermuko sprint duatloiaren zazpigarren edizioa jokatuko da igande honetan
Ia ehun lasterkarik eman dute izena igande honetan, urriak 2, lehiatuko den Ermuko sprint duatloiaren zazpigarren edizioan parte hartzeko. Ostots Triatloi Kirol Klubak antolatu du lasterketa aurtengoan ere, eta Bizkaiko Txapelketako zirkuituaren barne dago. Igande honetan 11:15etatik aurrera jokatuko da lasterketa, Orbe Kardinala plazatik abiatuta.
Proba hiru zatitan banatzen da: lehenengoan 5 kilometro egin beharko dira korrika, herriko kaleetatik igarotzen den zirkuitu bati bi itzuli emanez. Ibilbidea zehatzago kontsultatu daiteke bideo honetan. Behin hori eginda, parte-hartzaileek bizikletak eta kaskoak hartu beharko dituzte Orbe Kardinala plazan, eta bi gurpilen gainean hogei kilometro egingo dituzte. Ermutik eta Mallabitik pasatuko den bideari bi itzuli emango dizkiote distantzia hori egin ahal izateko. Azkenik, plazara itzuli, bizikletak utzi eta berriro korrika egin beharko dute Ermuko kaleetan barrena 2,5 kilometroko itzuli batean.
Igandean 09:00etatik aurrera jaso ahalko dira dortsalak Orbe Kardinala plazan. Irteera 11:15ean izango da emakumeentzat eta 11:30ean gizonezkoentzat, eta proba amaitzean maila ezberdinentzat sariak banatuko dira. Helmugara iristen diren lehen emakumeak eta lehen gizonezkoak 200 euroko dirusaria eta kopa jasoko dituzte; bigarrenek, 150 euro eta garaikurra; eta hirugarrenek, aldiz, 100 euro eta garaikurra. Talderik onenek ere kopak jasoko dituzte, baita kategoria bakoitzeko lehenengo sailkatuek ere.
Gainera, lasterketan parte hartzen duten pertsona guztien artean mota guztietako sariak zozketatuko dira. Bestalde, atletek udal kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera izango dute proba amaitzean.
Informazio gehiago behar izanez gero, lasterketaren webgunea kontsultatu daiteke.
Lerro hauen azpian lasterketako irudi batzuk ikusi ditzakezue:
Lotutako albisteak

Erkidegoko 50 udalerrien arteko lehiaketa birtuala maiatzaren 19tik ekainaren 8ra

Maiatzaren 6tik 27ra bitartean bost saio egingo dira herriko klubetako gazte, familia, entrenatzaile eta teknikariekin

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke