Elkartasuna erritmo bizian Ermuko kaleetan

14.10.16
Gizartea

Dortsal guztiak salduta eta ilusioz beteta ekingo dio Ermuak igandean Minbiziaren Aurkako Martxa Solidarioaren bigarren edizioari. AECCko Tokiko Batzordeak iazko balentria gainditu du, eta aurten 3.500 pertsonak hartuko dute parte ekimen arrakastatsu honetan.

Lasterketa 11:00etan hasiko da Orbe Kardinala plazan, eta hortik hasita, iazko ibilbide berbera egingo dute parte-hartzaileek; herri guztian zehar igarotzen diren 3.400 metro, alegia. Ibilbidea oinez, paseatzen, korrika, bakarrik, lagunartean, familiarekin… edonola egin daiteke, bakoitzak nahi duen erara. Bete beharreko baldintza bakarra parte-hartzeko grina eta minbiziari aurka egiteko gogoa izatea da.

Behin martxa amaituta, parte-hartzaileek errekuperazio kit bat jasoko dute EMOEren eskutik; bertan, ur botilatxo bat eta fruta zati bat izango dituzte. Gainera, sariak eskuratzeko aukera izango dute, dortsala duten pertsona guztien artean Cafés Baqué etxeak eskainitako hamar lote zozketatuko baitira.

Lasterketa bat baino askoz gehiago

Minbiziaren kontrako Espainiako Elkartearen Tokiko Batzordeko boluntario taldeak hilabeteak daramatza martxa antolatzeko lanetan. Gaztela Leongo Elkarteko Atletismo taldearen laguntza izan dute beste behin ibilbidea zehazteko eta egunean bertan zintak jartzeko eta mahaiak muntatzeko ere bertan izango dira. Lasterketako xehetasunez gain, igandean sekulako festa izango dugu Ermuan, guztientzat moduko hainbat jarduerarekin.

11:00etan lasterketa hasten denetik, Irulitxa txarangak herriko kaleak animatuko ditu bere musika alaiarekin, eta etxeko txikienek tailer desberdinetan parte hartzeko aukera izango dute 11:30etik 13:00etara Eremu Akademiaren eskutik. Gainera, diziplina eta estilo ezberdinetako erakustaldiak izango ditugu herrian, hala nola, aerobic, zumba, Tai Chi edota Wu Xing.

Bestalde, eguneko ardatzari, hau da, elkartasunari jarraiki, Txarangen Batzordeak AECCko Tokiko Batzordeari diru-laguntza bat entregatuko dio, Santixau jaietako zapiak saltzearen truke irabazitako kopuruarekin.

Aldaketak trafikoan eta ostalaritzan

Parte-hartzaile guztien segurtasuna bermatu eta arrisku egoerak saihesteko asmoz, antolatzaileek hartu beharreko neurrien eta izango diren aldaketen berri eman dute. Alde batetik, lasterketa 11:00etatik 12:30era izango denez, gutxi gorabehera, tarte horretan trafiko etenak egongo dira herriko kaleetan. Gainera, lokalen eta garajeen sarrera eta irteerak kontrolatuta egongo dira. Antolatzaileek Udaltzaingoen baimena eta laguntza izango dute; beraz, gogorarazten dute larrialdi kasuren bat izanez gero, 943 17 63 00 (Udaltzaingoa) o 656 72 18 74 (Antolakuntza) deitu ahal izango dela.

Bestalde, Tokiko Batzordeak ostalariei eta dendariei abisatu die martxak irauten duen bitartean, kaleak ahalik eta libreen izatea behar dela eta tarte horretan terrazarik ez jartzea gomendatzen dela, parte hartuko duten 3.500 pertsonek istripurik edo ezbeharrik izan ez dezaten.

Hori guztia jakinda, Minbiziaren Aurkako II Martxa Solidarioak arrakasta biribila lortzeko aukera asko ditu. Gainera, badirudi eguraldia lagun izango dugula asteburuan zehar; beraz, ez dago aitzakiarik elkartasunaren jaiarekin bat ez egiteko. Animatu zaitez, eta atera kalera igande honetan!

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
2026ko Aurrekontu-partehartzaileen ‘Ermuak Erabakitzen du’ prozesuko bozketa zabalik

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena
Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne
Imagen
19.05.25
Zubi-Ondo enpresaren dokumentazio historikoa gehitu eta eskaintzen du Bertako bildumak

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du