San Martin, azoka bat baino askoz gehiago
Bi aste baino ez dira falta Ermuko kultur agendako datarik garrantzitsuenetako baterako. Azaroaren 12an, larunbata, San Martin Azokaren XXVII. edizioa ospatuko da. Euskal Birusa elkarteak antolatu du beste behin ekimena, eta herriko kaleetan zehar festa izango da protagonista.
Azokak 11:00etan emango dio hasiera ekitaldi programa zabalari, eta 35 nekazari eta 16 artisau postu izango ditugu herrian, besteak beste. Ordu horretatik aurrera, postu guztiak zabalik egongo dira, eta Musika Eskolako trikitilari eta txistularien eta Arrasateko gaiteroen kalejirek Ermuko kaleak alaituko dituzte. Gainera, ehun ardi eta bost asto Errekalde auzotik Valdespina Markesa kaleraino jaitsiko dira; bi idi egongo dira Probalekun eta animali eta hegaztien erakusketa egongo da Valdespina parkean, besteak beste.
Urtero bezala, azokan zehar zozketa eta dantza eta herri kirol erakustaldi ezberdinak egingo dira. 15:30ean, babajana egingo da Merkatu plazan, eta arratsaldean Luhartz taldearekin erromeria eta Arrasateko gaiteroekin kalejira izango dira. Egunari amaiera emateko, 19:30ean Larraindantza egingo da Orbe Kardinala plazan.
Eguneko programa osoa esteka honetan topatu dezakezue.
Bestalde, Euskal Birusa elkarteak gogorarazi du ehun boluntario baino gehiagoren lanari esker dela posible horrelako jaia antolatzea, eta errifarekin, taloekin, edariekin eta pintxoekin biltzen den diru guztia euskara sustatzeko ekimen ezberdinak antolatzeko erabiliko dela.
Festa ez da 12an amaituko
Hileko ekimen nagusia azaoaren 12an ospatuko den arren, hilabete osoan zehar ekitaldi ezberdinak antolatu dira San Martin Kulturala programaren barnean. Horrela, lehenengo jarduera datorren ostiralean, azaroaren 4an izango da Ermua Antzokia. Bertan ospatuko da urteroko bertso jaialdia. Aurten Andoni Egaña, Uxue Alberdi, Unai Iturriaga, Alaia Martin, Amets Artzallus eta Nerea Ibarzabal izango dira kantuan, Josu Goikoetxea gai-jartzaileak emandako aginduekin. Jaialdia 22:15ean hasiko da, eta sarrerak 10 euroren truke daude salgai Lobiano Kulturgunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean edota Antzokiko leihatilan.
Ekitaldi horretaz gain, kontzertu, ikuskizun eta ospakizun ugari egongo dira datozen asteetan, azaroan Ermua kulturaz blai izateko.
Lotutako albisteak
‘Zerrautsa' emozioen kantua da, partekatzeko diren letra eta musikarekin
Familiek azaroaren 5etik 13ra arte aukera izango dute seme-alabak inskribatzeko