Hiru lasterketa eta hiru podio Aitor Hernándezentzat

02.11.16
Kirolak

Aitor Hernández txirrindulari ermuarrak bi hirugarren postu eta bigarren bat lortu ditu asteburu luze honetan lehiatu den hiru lasterketetan. Specialized-Ermua Impulso taldeko kirolariak Euskadin izan ditu hiru probak; horietatik bi Espainiako Ziklokross Kopa zirkuituaren barne.

Larunbatean, Hernándezek hirugarren postua eskuratu zuen Laudioko Udala Sarian, C2 UCI kategoriako Espainiako Kopako lehen lasterketan, hain zuzen. Ismael Esteban eta Kevin Suárezen atzetik iritsi zen ermuarra, eta hirurak izan ziren lasterketa-buru proba osoan zehar, Estebanen eraso batek lasterketa azkar horren erritmoa hautsi zuen arte: “Oso gustura sentitu naiz, egunetik egunera hobeto. Hala ere, Esteban oso indartsu egon da eta ezbairik gabeko garaipena lortu du”, azaldu zuen Hernándezek lasterketa amaitzean. “Dena dela, pertsonalki duela aste batzuk baino askoz hobeto sentitzen naiz, pixkanaka aurrera eginez. Aurten ‘lasaitasun’ gehiagorekin hartu nahi dut denboraldi hasiera, gero luzeegia ez iruditzeko”, adierazi zuen.

Hurrengo egunean, urriaren 30ean, lehia Muskizen izan zen, eta Hernández hirugarren postuan iritsi zen IX. Muskizko Udala ziklokrossean, C2 UCI mailako Espainiako Kopako bigarren lasterketa horretan, Ermuko txirrindularia Vicent Bastaens belgiarraren eta Felipe Ortsen atzetik iritsi zen. Lasterketa ona burutu arren, hasiera nahiko okerra izan zen Specializedeko txirrindulariarentzat, eta lehenengo metroetako eragozpenek eragina izan zuten proba osoan zehar: “Ez nago neure buruarekin gustura, hasiera txarra egin baitut eta kanpan sartu naizenerako, hogeigarren postuan nengoen. Pixkanaka aurrera egiten joan naiz, hirugarren tokian jarri arte, baina ezin izan ditut Bastaens eta Orts harrapatu. Honelako gauzak ere gertatu ohi dira; garrantzitsuena da fisikoki indartsu sentitzen naizela”, azaldu zuen Aitor Hernándezek karrera amaitzean.

Azkenik, astearte honetan, azaroak 1, Legazpiko VI. Ziklokrossa lehiatu da, eta Aitor Hernándezek bigarren postuan amaitu du proba. Ismael Estebanek lortu du garaipena lokatzik gabeko zirkuitu gogor horretan. Irteera ederra egin arren, Hernándezek ezin izan du lehenengo sailkatuaren erritmoa mantendu: “Lehenengo bi itzuliak oso indartsu egin ditut, eta gero hori ordaindu dut, Estebanek gainditu nauen arte. Lasterketa hasiera horretako sentsazioekin gelditzen naiz; izan ere, gero antzeman dut asteburuko bi probetatik oraindik hankak ongi deskantsatu gabe nituela. Orain aurrera begiratu behar dut, datorren asteburuan, eta gogotsu nago nire maila nola igotzen den ikusteko”, aipatu du ermuarrak lasterketa amaitzean.

Aitor Hernándezen hurrengo proba igande honetan bertan izango da Karrantzan, Espainiako Kopako C2 UCI kategoriako hirugarren lasterketan.

Lotutako albisteak

Imagen
02.12.25
Kirola beti; baita Gabonetan ere

Bazkideentzako jarduera bereziak eta doakoak kiroldegian
Imagen
Personas usuarias en la instalación
31.10.25
Kiroldegiak neguko ordutegia izango du asteburu honetatik Aurrera

Zabalik egongo da 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara, larunbat eta igandeak barne
Imagen
14.10.25
Ermua: pertsona aktiboak, hiri osasuntsua

Ermuak abenduaren 10ean lehen Kirol Gala egingo du eta leloa goiburukoa izango da