Antolakuntza eraldatzea,TG XI. Asteko hirugarren eguneko ardatz eta ondorio

16.11.16
Ekonomi Sustapena

XI. Toki-Garapeneko Asteko azkenaurreko eguna izan da gaurkoa, eta erakundearen eredua eraldatzeko erronka izan du mintzagai nagusia. Aldaketa horren inguruan informazio gehiago jaso ahal izateko, hiru enpresek euren esperientziak partekatu dituzte Izarra Centreko auditorioan bildu diren ikus-entzuleekin.

Alberto Lorenzo Grupo Idesa XXI enpresako zuzendari orokorra izan da mahai-inguruan parte hartzen lehena, eta modu berezian egin du, gainera. Izan ere, lan kontuak direla eta, Mexikon dago, eta bideokonferentzia bitartez egin du bat jardunaldiekin. Itsasoaren eta pantailaren beste aldetik azaldu ditu Lorenzok bere enpresaren arrakastaren gakoak, eta aldaketa izenean bertan islatzen dena adierazi du: “’Grupo’ hitzak guretzat talde-lanak duen garrantzia erakusten du; ‘Idesa’ mantendu dugu, aldaketak aldaketa, iraganaz harro gaudelako eta gure nortasunari eutsi nahi diogulako; eta ‘XXI’, aldiz, orain arte izandakoa modernizatzea delako gure helburua. Horrekin guztiarekin, Grupo Idesa XXI da orain gure nortasun agiria eta egindako aldaketaren isla”.

Erakundearen antolaketa aldatzeari dagokionez, Lorenzok azpimarratu du “bizirauteko beharra” izan dela arrazoi nagusia: “Duela lau edo bost urte, egoera oso larrian geunden eta lehiakortasuna galtzen ari ginen. Beraz, enpresa eraldatzea beste aukerarik ez genien, eta gauzak ongi egin ahal izateko bikaintasuna lortzen saiatzea”. Kudeaketa aurreratuaren bidean, Grupo Idesa XXIeko buruak ezinbesteko hiru gako azpimarratu ditu: denbora, dirua eta pertsonak. “Lehenengo bi faktoreak direnak dira, eta ahalik eta ongien kudeatu behar ditugu etekinik handiena ateratzeko. Pertsonei dagokienez, taldeari ilusioa eta baikortasuna transmititzeko gai diren liderrak behar dira, ‘confort’ gunetik atera eta oztopoei aurre egin ahal izateko”, azaldu du.

Txema Franco Lantegi Batuak enpresako zuzendariak ere bere esperientzia partekatu du Izarra Centreko ikus-entzuleekin, eta aldaketa prozesuaren berri emateko aukeragatik eskerrak eman ditu. Haren arabera, “euren artean desberdinak izan arren, erakunde guztiek arazo berdinak izaten dituzte lan ereduak aldatzerako orduan”. “Gauzak egunetik egunera hobeto egin nahi ditugu, baina gizartea abiadura handian aldatzen da, eta egokitu egin behar dugu”, azaldu du. Erakundearen aldaketak errazteko, Francok adierazi du argi izan behar dela zeintzuk diren “interes taldeak”. “Erakundeak hazten eta aldatzen doaz. Hazteari eta aldatzeari uzten badiote, hiltzen hasten dira. Azkenean, aldaketara eta errealitate berrira hobeto egokitzen direnek bizirauten dute”, azaldu du.

Lantegi Batuakeko zuzendariak azpimarratu du egokitzeak ez duela “enpresa bakoitzaren nortasuna albo batera uztea” esan nahi, eta estrategia, publikoa eta jarraitu nahi den bidea argi izan behar direla gogorarazi du “egokitzapena errazteko”. Gainera, aldaketak “etengabea” izan behar duela gehitu du: “Beti egongo dira beste era batera antolatzea eskatzen duten erronkak. Garrantzitsuena lehenengo pausoa ematea da”.

Azkenik, Ermuko Udaleko Plangintza Estrategiko eta Berrikuntza Alorreko zuzendari Rosalía Herrerak Udala burutzen ari den antolakuntza aldaketa azaldu du. Aurreko hizlarien moduan, erakundeetan aldaketak egitea “oso zaila” izan daitekeela adierazi du Herrerak, baina beharrezkoa dela gauzak beste era batera egiten hastea, gizarteak hala eskatzen baitu. Horren harira, Plangintza Estrategiko eta Berrikuntza Alorreko zuzendaria Ermuko Udaleko aldaketa prozesuaren inguruan mintzatu da, eta instituzio honek gauzak “ahalik eta egokien” egiteko, hausnarketa asko egin dituela azaldu du. Prozesu horretan, erakunde barruko nahiz kanpoko pertsonen eta kolektiboen laguntzarekin, mapa estrategiko bat eratu da “eraldaketaren bidean Udala gidatu ahal izateko”. Izan ere, Herreraren hitzetan, “erakundeko pertsona guztiok lerrokatuta egon behar dugu eta balio berberak hartu behar ditugu kontuan eredu partekatua lortzeko”.

Aldaketa abian da, prozesu aktiboa eta bizia da eta epe erdirako eta luzerako ikuspuntua eskatzen du. Beti ez da erraza izaten, baina Herrerak uste du beharrezkoa dela: “Aldaketa prozesuek beldurra, immobilismoa, bertigoa, eta abar eragiten dute, baina gizartea etengabe aldatzen ari da, eta ongizatearen izenean aldatu egin behar dugu eskatzen zaiguna modurik onenean burutzeko. Bizitza metamorfosia da, eta aldaketak beharrezkoak direla barneratu behar dugu”.

Hitzaldi guztien bideoak laster izango dira eskuragai honako estekari jarraituz.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
04.07.25
EkiElkar: herrian dugun lehenengo Tokiko Energia Komunitatea

Ermuan eratu berri da eta Santa Ana auzoan dago
Imagen
04.07.25
Bizkaia Gazteak Durangaldea jarduerak gazteriarekiko konpromisoari eutsiko dio

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du