Ermua hautatu du 'Igelak' euskal filmak promozioa egiteko
Kultura eta gastronomia uztartzen dituzten promozio ekintzak egingo dira gure herrian
“Igelak” du izena Patxo Telleria zuzendari bilbotarraren azken pelikulak. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen pasatu den irailean, baina abenduaren 2an zine komertzialera jauzia eman aurretik, igelek Ermura egingo dute salto promozio ekimen ezberdinak burutzeko.
Gorka Otxoa, Josean Bengoetxea, Mikel Losada ermuarra, Miren Gaztañaga eta Gurutze Beitia dira, besteak beste, “Igelak” filmeko izarrak, eta herriko ostalari eta dendek euren azken lanarekin lotutako promozioak izango dituzte. Gaur da kamiseten, txapen, pelikula ikusteko sarreren eta afari solidario baterako gonbidapenen zozketan parte hartzeko azkeneko eguna. Zozketan parte hartu ahal izateko nahikoa da EMOEn barne dauden dendetan erosketak egitea.
Zortea gure alde ez badugu, kamisetak (10 euro) eta txapak (euro bat) erosteko aukera ere izango dugu Jai, Goien, Karikato, Sagarra, Txalaparta, Mendiola, Zutabe, Giroa eta Karabixa tabernetan. Azpimarratzekoa da salmentekin lortzen den guztia herriko Elikagaien Bankuari emango zaiola.
Ermuan, “Igelak”en egun handia bihar izango da, osteguna. 18:30etik aurrera, ohiko pintxo-poteak bat egingo du filmaren promozioarekin eta bederatzi tabernetan pintxo tematikoak eskainiko dira. Parte-hartzaileak eta euren sorkuntzak honakoak dira:
- Giroa – “Carri Larrea Marcos”
- Jai – “Modus vivendi”
- Goien – “Robinson
- Karikato – “Karikato igelak”
- Mendiola – “Robinson corta el bacalao”
- Karabixa – “Itsasotik ortura”
- Txalaparta – “Igel faltsuarekiko itsasoko ortigillak nahastuta”
- Sagarra – “Kroak”
- Zutabe – “Igelak plater konbinatua”
Gainera, EITBko “Pintxopote” saioko lan-taldea Ermuan izango da aste gutxi barru eskainiko den programa berri bat grabatzen. Andoni Agirregomezkorta eta Asier Hormaza aktoreek aurkezten dute saioa, eta tabernaz taberna ibiliko dira pintxoak dastatzen.
Poteoa alaitzeko, ZoZongo! taldea eta Alboka Musika Eskolako ikasleek kalejira egingo dute herriko kaleetan barrena, Zubiaurretik hasita, 19:00etatik aurrera.
“Igelak”eko lan-taldearekin afari solidarioa
Eguna eta promozio ekintzak ezin hobeto amaitzeko, ostegunean bertan afari solidarioa egingo da 22:00etatik aurrera Mendiola jatetxean. Patxo Telleria zuzendaria bertan izango da, eta alboan izango ditu pelikulako hainbat aktore, kolaboratzaileak eta musika jarri duten Gatibu eta Esne Beltza taldeetako ordezkariak. Ekimen honetan biltzen den diru guztia Ermuko Elikagai Bankuari emango zaio oso-osorik.
Afarian parte hartzeko eta protagonistekin mahaia partekatzeko interesa dutenek Mendiolan bertan eskuratu ditzakete txartelak. Afarian zehar, Euskadiko Txapelketan parte hartu duten herriko hiru pintxoak aurkeztuko dira, baita Lobiano Gastronomia Elkarteak antolatzen duen bertako lehiaketako garailea ere.
Gaueko menuan, hasierako gisa lau plater zerbitzatuko dira: Sagarra Gastro tabernaren “Galerna”, Frankfurt tabernaren “Tartar tropikala”, Mendiola jatetxearen “Olagarroa tenpuran eta mango ozpin-olioan”, eta Giroaren “Giroa saiheskia”, aurtengo pintxo lehiaketako sariduna. Jarraian, bakailaoa onddo pil-pilean, orkatz solomoa konpota eta osagarriekin, eta postrerako Idiazabal gaztaren mousse-a menbriloarekin eskainiko dira. Edaria Astobiza Txakolina eta Añada Real upeltegienak izango dira.
Gogorarazten dizuegu Patxo Telleriaren "Igelak" ofizialki datorren abenduaren 2an estreinatuko dela zinema aretoetan. Jarraian ikusi dezakezue trailerra:
Lotutako albisteak

Egoitza elektronikoan edo Abiapuntun maiatzaren 30era bozkatu ahal izango dugu bideragarriak diren 31 proposamenen artean gustukoena

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne

Liburutegiak familia fundatzaile baten ondorengoek utzitako dokumentazio baliotsua gehitu du