Guztiok bat eginda emakumeenganako indarkeriaren aurka

24.11.16
Berdintasuna

Ostiral honetan, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aldarrikapenez beteriko eguna izango da, eta Ermuan ere izango du isla hainbat ekimen ezberdinen bitartez.

Udaletxeko balkoian pankarta jarri da aste honetan, eta eraikineko leihoetan jada ezaguna den puntu lila ikus daiteke, indarkeriaren aurrean gaitzespena erakusteko. Gainera, udalbatzak Eudelek euskal udalerrientzat proposatu duen adierazpen instituzionala onartu du Bozeramaileen Batzordean, indarkeria mota horren aurkako jarrera sendotzeko. Adierazpena ostiral honetan irakurriko da 19:00etatik aurrera Orbe Kardinala plazan egingo den herritarren kontzentrazioan. Jende ugari gerturatzea espero da, eta ermuar guztiei manifestaziora agertzeko gonbita zabaltzen zaie gizarteko gaitz horren aurkako borroka babesteko.

Kontzentrazioaren ostean, eta ostiral gau osoan zehar, Emakumeen Topalekua eta udaletxea kolore morearekin argiztatuko dira, eta larunbat goizera arte horrela mantenduko dira ekintza sinboliko gisa. Iaz piztu zen argi morea lehen aldiz udaletxean, eta aurten Emakumeen Topalekuak ere bat egingo du ekimenarekin, indarkeria mota horri aurre egiten dioten emakume guztiei babesa erakusteko.

Azpimarratzekoa da, halaber, egun guztian zehar kolektibo feministak ekintza ezberdinak burutuko dituela indarkeria matxistaren inguruko mitoak hausteko.

Beldur Barik Jaialdia

Bestalde, ostiral honetan VI. Beldur Barik Ermua Jaialdia ospatuko da 18:00etatik aurrera Lobiano Kulturgunean. Ekitaldi irekia izango da, nahi duen edonork parte hartu dezake, eta herriko Beldur Barik lehiaketako garaileak sarituko dira bertan. Guztira zazpi lan aurkeztu dira; hiru 12 eta 17 urte arteko kategorian, eta lau 18 eta 26 urte artekoetan. Maila bakoitzeko garaileak 300 euroko saria jasoko du. Epaimahaiak adierazi du kalitate handiko lanak aurkeztu direla lehiaketara, eta parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, baita ikasleak orientatzen aritu diren irakasleei ere.

Herriko lehiaketaz gain, larunbatean, azaroak 26, Beldur Barik Topaketa ospatuko da Urdulizen. Tailerrak, jolasak eta lehiaketa orokorreko sari banaketa izango dira bertan. 341 lan aurkeztu dira guztira, tartean, Ermuko zazpiak. Topaketako programa webgune honetan kontsultatu daiteke.

Indarkeria matxistaren aurkako irakurketa gida

Udal liburutegiak eta Emakumeen Topalekuak genero indarkeriaren kontrako irakurketa materiala eta gomendioak biltzen dituen irakurketa gida prestatu dute elkarlanean. Gida herrian emakumeenganako indarkeriaren aurka gauzatuko diren jardueren barne kokatzen da.

Gidak gaiaren inguruko hainbat material biltzen ditu: baliabideen gida, literatura, laguntza gidak, webguneen helbideak, gaia jorratzen duten musika abesti eta filmak, eta abar. Gidaren osagarri gisa, hainbat materialekin erakusketa jarriko da liburutegian datorren abenduaren 5a arte.

Gainera, leihoetan jartzeko lila koloredun kartelak banatuko dira liburutegian.

Lotutako albisteak

Imagen
28.11.25
‘Beldur Barik Ermua’ lehiaketak bi kategoriako bost talde saritu ditu

Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
Imagen
25.11.25
Ermua, emakumeenganako indarkeriaren aurka

Azaroak 25: herritarren elkarretaratzea, adierazpen instituzionala eta mobillizazio feminista
Imagen
18.11.25
Azaroak 25eko jardueren programa aurkeztu da

Indarkeria matxistaren aurkako Nazioarteko Egunean elkarretaratzea egingo da eguerdian plazan