Hirigintza alorrak arrapalak eraikiko ditu Ongarain irisgarritasuna hobetu eta oztopoak ezabatzeko
Ongarai auzoko pertsonen mugikortasuna eta irisgarritasuna errazteko arrapalak eraikitzeko obrei ekin die Ermuko Udaleko Alor Teknikoak, herriko gune horretan oztopo arkitektonikoak kendu ahal izateko –eskailerak, esaterako–. Ongaraiko 12 eta 17 arteko zenbakietara sarrera plazatxo biribilarekin lotuko duen arrapala –denetatik luzeena– eraikitzen ari dira egunotan. 12, 13, 14, 15, 16 eta 17 zenbakietako bizilagunek eta auzoko beste hainbat pertsonak egindako eskaeraren erantzun zuzena da obra hau.
Auzoko bizilagunen eskaera orokorrak igogailuekin asetu dira, eta obra horren gehigarri moduan, 16 zenbakiko pertsonen eskaerari erantzunez, arrapalak eraikitzea erabaki da. Horrela, Ongarai auzoaren irisgarritasun osoa bermatu nahi da, kontuan hartuta biztanleria zahartzen ari dela.
Lanak pasatu den astean hasi ziren 16. zenbakira iritsiko den arrapalaren inguruan. Langileek gune hori hartu eta hesiak eta seinaleak jarri zituzten, zonaldea egokitzen hasteko. Aste honetan, aldiz, kofratu lanak egiten ari dira.
Arrapalak eraikitzeko obrak hasi aurretik, Udaleko bulego teknikoko arduradunak eskaera egin duten bizilagunekin bildu dira; zehazki, 16 eta 17 zenbakietan bizi diren pertsonekin, horiek baitira azpiegitura berritik gertuen bizi direnak. Administratzaile mailan egin dira bilerak, komunitateko arduradunekin batera. Mugikortasuna errazteko eta konponbideak proposatzeko, aurreikusitako proiektua aurkeztu diete bizilagunei, azken emaitzaren infografiekin eta planoekin, obra ezagutarazi eta euren proposamenak biltzeko.
Ongaraiko 17. zenbakiko bizilagunek ez dute ezer esan; 16. zenbakikoek, aldiz, euren adostasuna agertu dute proposatutako proiektuarekiko, eta akordioa lortu dute egindako bileran, etxepeko arduradunak instituzio honi baieztatu dionez.
Udaleko Alor Teknikoak barkamena eskatzen du zaratengatik eta obrek eragiten dituzten bestelako deserosotasunek sortu ditzaketen eragozpenengatik.
Obraren planoa hemen kontsultatu daiteke.
Lotutako albisteak
Espeziea funtsezkoa da ekosisteman eta ez die kalterik egiten gizakiei
Mantentze lanak direla eta, Ermuko saihesbidea erabili beharko da AP-8 autobidera sartu edo irteteko
Bi zati horietan eskubanda eta beste piezaren bat aldatu beharra dago